UEMA Eguna, larunbatean Aramaion

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 4a, 00:00

Usurbilgo Udala kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), urteroko bere eguna larunbatean, ekainaren 8an ospatuko du, oraingoan Aramaion. "Aire berria euskarari!", lemapean egingo da UEMA Eguna. Lurgune euskaldunek euskararen geroan duten papera aitortu beharra dagoela uste du UEMAk. Goi erakundeek euskaldunen erabateko euskalduntzea bermatu beharra dutela, orain arteko legeek ez baitute halakorik ziurtatu. Euskara bere sorlekuan tokia bilatu ezinik dabilela salatuko dute ekainaren 8an. Hori bai, jaia eta aldarrikapena uztartuz, arnasten jarraitzeko eta arnasgunea zabaltzen joateko, euskarari aire berria eskaini nahi diote antolatzaileek, Aramaioko hitzorduarekin.

Hauxe da, ekainaren 8rako antolatu duten egitaraua:
10:00 Batzar Nagusia.
11:30 UEMA Eguneko hasierako suziria eta kalejira trikitilari eta dantzariekin.
Goizean zehar, haurrentzako puzgarriak, artisau azoka, talogileak eta sagardo salmenta.
12:00 Goizueta-Aramaio herri kirol lehia. Haurrentzako puzgarriak, jokoak eta tailerrak.
13:00 Ekitaldia plazan (bertan herriko abesbatzak eta bertsolariek parte hartuko dute).
14:00 Kalejiran bazkaltzera. Txartelak: 18 euro helduek, 12 euro 14 urte arteko haurrek. Txartelak erosteko deitu: 94 627 91 95.
16:30 Ane eta piratak parrandan! Irrien Lagunen ikuskizuna.
18:30 Erromeria: ZESUMA taldea.
22:00 Kontzertuak.