2013-2014 ikasturtean Eki izeneko egitasmoa martxan jarri eta ondorioz, liburu asko desagertuko direla eta, ikastolatik honako oharra helarazi dute NOAUA!ra. “DBH 2, DBH 3 eta DBH4ko liburuak behar ditugu eta ikastolan uztera animatzen zaituztegu, nahiz eta Liburutruken parte ez hartu. Hala ere, beste mailatako liburuak ere jasoko ditugu. Aldez aurretik, mila esker”. Liburuak uzteko asmotan direnek, ikasturte amaierara arte, hau da, ekainaren 21era arte gelan utzi ditzakete ikasleek edota bestela, Udarregi Ikastolara eraman eta kito.
Liburutruk ekimena ere martxan
Ikastolako liburuak berrerabiltzeko Liburutruk ekimena antolatu zuten lehen aldiz duela bi urte, Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteak. Aurten ere, parte hartzera animatzen dute, dirua aurreztu, berrerabilerak paper kontsumoa eta zaborra murriztu, eta gainera, "gure seme-alaben heziketa hobetzeko" balio baitu. "Zenbait balore garatzen lagunduko diegu: besteekiko elkartasuna, guztion gauzak zaintzeko joera, komunitatearekiko lotura, kontsumo arduratsua eta inguruarekiko errespetua", adierazi dute Hitz Ahotik.
Liburutruk ekimenak gainera, erosotasuna eskaintzen du, "ikastolan jasotzen dira liburu guztiak eta lan koadernoak (ingelesekoa EZ)" diote guraso elkartetik. Liburutruk sistemaren funtzionamenduaren nondik norakoak jaso dituzte, Udarregik sarean duen atarian:
1- LH 5etik aurrera ezarriko da sistema hau.
2- Ingeleseko liburuak EZ dira sartzen sistema honetan, bakoitzak bereak eskuratu beharko ditu.
3- LAN KOADERNOAK ere Liburutruken bidez erosiko dira. Irailean liburu guztiak ikastolan jasotzen dira.
4- Izena ematerakoan fidantza bat ordaintzen da (gero deskontatuko da).
5- Ikasturteko azken egunean parte hartuko dutenek berrerabiliko diren liburuak bere ikasgelan utziko
dituzte (lan koadernoak ez eta LH5ekoek ez daukate ezer uzteko).
6- Lan-taldeak liburuak aztertuko ditu, liburuen inbentarioa, behar diren liburuen eskaera, liburu-sortak
eta banaketak egingo ditu.
7- Uztailean ikasle bakoitzari gutun bat bidaliko zaio jakiteko zenbat ordaindu behar duen.
8- Irailean gutunean jarriko den datetan liburuak ikastolan jasoko dira, ordainagiria aurkeztuz.
9- Ordainketa modua: alde batetik, kuota finko bat dago eta, beste aldetik, ikasle bakoitzaren lan
koadernoen ordainketa. 2011-12. ikasturtean: kuota finkoa 32,00 euro (hori da berriro erabiltzen diren
liburuen ordainketarako kuota). Ikasle bakoitzak bere lan-koadernoak ordaindu zituen. 2012-13.
ikasturtean: urte honetan 2 talde mota daude, aurreko urtetakoak eta parte hartzaile berriak. Berriek
ordaintzen dute aurreko kuota (32,00 euro) gehi kuota berria (21,00 euro). Aurreko urtekoek kuota berria (21,00 euro) bakarrik. Urte honetan ere bakoitzak bere lan-koadernoak ordaindu ditu.