Udajolasen plaza lortu dutenek, astearte hau, ekainaren 4a dute ordainagiriak NOAUA!ko egoitzara ekartzeko azken eguna. Gogoan izan, diru-sarrera egin behar da lehenik, Euskadiko Kutxan. Aurtengo kuota, 79 eurokoa da. Familia ugarien kasuan, 63 euro (ahaztu gabe, txartelaren kopia ekarri). Kuotaren ordainketa, Euskadiko Kutxaren kontu korronte zenbaki honetan egin behar da: 3035 0140 34 140 0 02581 1. Aipatu moduan, ordainagiria NOAUA!ra ekarri behar da astearte hau amaitu baino lehen. Epez kanpoko ordainketarik ez da onartuko.
ANTZERKI TXIKI TALDEKOEN EMANALDIAK
Urtean zehar herrian antzerkigintzan diharduten gaztetxoen taldeak, Antzerki Txiki taldekoek hiru emanaldi eskainiko dituzte aste honetan, bi egunetan. Gaur eta etzi, ekainaren 4an eta 6an, arratsaldeko 17:00etatik aurrera Sutegiko auditorioan. Bertaratzeko gonbita luzatzen dute antolatzaileek.
KONPOSTA EGITEKO IKASTAROA
Urte amaierara arte oraingoz, hilero lehen asteazkenetan, konpostatzen jakiteko ikastaroa antolatuko du Usurbilgo Udalak, arratsaldeko 19:00tan Potxoenean. Lehen saioa, bihar, ekainaren 5ean izango da. “Gonbitea luzatzen zaizuze, konpostatzen hasi nahi duzuen bizilagun orori, izena emanda eta itxarote zerrendan zaudeten auzokonpostalariei edota, konpostaz zalantzak argitu edo gehiago ikasi nahi duzuen guztiei”, berri eman dute Udaletik.
Antolatzaileek gogorarazten dutenez, jada 630 familiek baino gehiagok konpostatzen dute, “etxean edo auzoan, eta modu honetan, hilero ia 12 tona hondakin organiko herrian konpostatu eta bertan geratzen dira, gure baratz eta lurren mesederako. Eskarmentua badugu beraz”.
SANTIXABELETAKO JAI BATZORDEAREN BILERA
Gainean ditugu Santixabelak. Jai Batzordea jada prestaketa lanen azken txanpara heltzen ari da. Bilera deitu du, asteazken honetarako, ekainaren 5erako, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean.
GAZTELEKUKO GURASO BILERA
Amaitzear den ikasturteko balantzea egin eta burutu diren ekimenetako argazkiak ikusi ahal izango dituzte ekainaren 10ean, Gaztelekuan ibili ohi diren gaztetxoen gurasoek. Aita-amei zuzenduriko bilera antolatu dute egun horretarako, Gaztelekuan bertan, arratsaldeko 18:00etan.
ZIORTZAKO KANPALDIA
Sare sozialen bidez, Twitterretik zabaldu dute deialdia Ziortzakoek. Udan, Peñaloscintosen (Errioxa) antolatu duten kanpaldia muntatzera joateko eguna jarri dute jada. Ekainaren 22an izango da, larunbatez. Uztailerako Usurbilgo haur eta gaztetxoen aisialdi gunea izango dena prestatzen laguntzeko gonbita luzatzen diete herritarrei. Interesdunek email bat idatzi besterik ez dute, ziortzage@gmail.com helbidera.
AGINAGARREN KINTO BAZKARIA
Ekainaren 8rako, larunbata, kinto bazkaria antolatu dute 1963-66 urte artean jaio ziren aginagarrentzat. Otordua, Sekaña erretegian ospatuko da. Bazkaritara joan asmo duenak, aldez aurretik izena eman behar du, 943 362 773 telefono zenbakira deituta.
1977KOEN KINTO BAZKARIA
Ekainaren 8rako antolatu dute baita, baina Aginaga sagardotegian. Izen emateko zerrendak Aitzaga eta Irrati tabernetan jarri dituzte antolatzaileek.
AURRE MATRIKULAZIOA LANBIDE ESKOLAN
Ate irekien egunen ostean, aurre matrikulatzeko garaia da Lanbide Eskolan. Epea: ekainaren 7ra arte. Informazio gehiago: 943 364 600, lhusurbil.com edo eskola@lhusurbil.com.
KZ GUNEA
Ekainean arratsaldez irekiko dute KzGunea, 16:00-20:00 artean. Hemen, datozen egunotarako programatu dituzten ikastaroak (informazio gehiago: kzgunea.net, 943 023 684 edo tutor.usurbil@kzgunea.net):
Ekainak 3-14: KzGunea Internet ikastaroa (16:00-18:00).
Ekainak 25: OpenOffice Calc: Oinarrizkoa (16:00-18:00).