Ekainak 5 ditu gaur, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatuko da asteazken honetan. Aurten, "Pentsatu. Elikatu. Aurreztu" lemapean. Ingurumen alorreko albisteak aipagai izango dira egun honen bueltan. Foru Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Antolaketako Departamenduak esaterako, 2012ko Gipuzkoako birziklatze datuak eman ditu ezagutzera. Herrialde osoan, hondakinen %33,4 birziklatu zen iaz. 2011n baino zertxobait gehixeago, orduan, %31,7 birziklatu baitzen. Aldunditik prentsa ohar bidez jakitera eman duten moduan, "aurreko urtearekin alderatuta, birziklapenak igoera txikia izan du. Urtebetean, puntu eta erdi pasatxo hobetu dugu tasa, beraz".
Aipatu ehuneko hau, Usurbilgo datuetatik oso urrun dago. Udalerri honetan iaz, Gipuzkoako bataz bestekoa hirukoiztera, hondakinen %90 birziklatzera heldu baikinen. Foru Aldundiak herrialde mailako ehunekoa soilik ez, mankomunitateetako 2012ko birziklatze tasak ere argitara eman ditu. Hondakinen %30-37 artean birziklatu zuten 2012an, mankomunitate gehienek; gehien, Urola Kostan, %37,5. Gutxien, Debabarrenan, %22,7. San Markon berriz, %35,2. Mankomunitateka, hauexek dira iaz lortu zituzten birziklatze tasak:
-Debabarrena: %22,7.
-Txingudi: %29,9.
-Tolosaldea: %32,9.
-Urola erdia: %32,9.
-San Marko: %35,2.
-Debagoiena: %35,9.
-Sasieta: %36,3.
-Urola Kosta: %37,5.
GIPUZKOA OSOAN: %33,4.
%60, 2016rako erronka
Datu hauen aurrean, Iñaki Errazkin ingurumen diputatuak argi adierazi du prentsa ohar bidez. "Argi dago hazkundea moteldu dela eta asko dugula egiteko". Aditzera eman duenez, Europan, zonalde ugaritan, Gipuzkoako birziklatze tasak bikoiztu eta gehiago egiten dituzte. Bere esanetan, "Europako herri eta eskualde askotan %70eko edo %80ko birziklatze maila dute; gipuzkoarrok, aldiz, ez gara erdira ere iristen. Badugu aurrera egiteko oinarria, baina baita bide luzea egiteko ere”.
Gipuzkoara bertara etorrita ere, atez ateko bilketa sistema martxan den herrietan, Usurbilen adibidez, are gehiago birziklatzen da; hondakinen %90 iaz. Esperientziok ere ahotan hartu ditu Errazkinek. "Gure lurraldean badira %70etik gora birziklatzen duten herriak, badira mota horretako konpromisoak hartzen ari direnak, beste batzuek Zero Zabor norabidea hartu dute, hainbat esparrutan –ikastetxeetan, Basque Culinary Centerren…- Zero Zabor programak egiten ari dira… Kontzientziazioa zabaldu da, birziklapenaren gizarteranzko bidea egiten ari gara. Baditugu, beraz, gaur egungo egoera nabarmen hobetzeko tresnak”, nabarmendu du.
Erronka jarria dute Foru Aldunditik. 2016rako, hondakinen %60 birziklatzera heldu behar dugu Gipuzkoan. "Hori erabat egingarria da, baina helburua lortzeko, denok ahalegin txiki bat egin behar dugu: instituziook, alderdi politikoek, jendartearen eragileek, eragile ekonomikoek, herritarrek… Konpromisoa hartu eta koherentziaz garatu behar dugu”, diote Aldunditik.