Andatza mendiarekiko eta ingurune honen etorkizunarekiko kezka agertu du Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak, NOAUA!ra igorritako gutunean. Herritarren artean sumatzen den kezkarekin bat egin du modu honetan. Andatzara mendi buelta egitera doanarentzat begi bistakoak izaten ari baitira hilabeteotan, Aldundiak hainbat zuhaitz bota izanak, bidezidor eta pistetan eragin dituen kalteak.
Egoera honen aurrean, eta NOAUA!ra igorri duten gutunean adierazten dutenez, Andatzatik ingurumenarekiko begirunea izatea eskatzen diete mendi ustiatzaileei. Aurrera begira ere jartzen dira. "Andatzaren etorkizunaz ari garenean epe luzera ari gatzaizkizue, Diputazioa eta Udalarekin batera herriko eragile desberdinak parte hartu beharko genukeela bere planifikazioan dena Diputazioaren esku utzi gabe", diote.
Hauxe, maiatzaren 31ko NOAUA!n kaleratu genuen Andatzakoen gutuna, bere osotasunean:
ANDATZA MENDIAREN ETORKIZUNA
Azken urteotan lekuko izan gara nola Andatza mendia erabat aldatzen ari den. Pinuari bere zikloa agortu zaio eta nahiz eta estimazio handirik ez eduki, moztu beharrean aurkitzen da. Azken 20 urte hauetan Foru Aldundia hor ari da pinua bota eta bota eta hutsuneak bete nahian hasera batean pinua berraldatzen bazuen ere, oraingoan ostozabal batzuei aldatzeari ekin dio.
Aurtengo neguan, Andatza goialdeko pinu eta lawsoniana botatzeari ekin dio Diputazioak. Honek kezka haundia eragin du herrian, bidezidor eta pistetan sorturiko kalteak nabariak izan baitira.
Bestalde poza handia sortzen du, gurutzetik abiatu eta buzoiraino pinuak bota ezkero, irabaziko genituzkeen bista zoragarriak.
Pinua botatzeko garaian kontu pixka batekin jardun ezkero, tartean aurkitzen diren harri eta arkaitzek osatzen duten multzoak, eta zuhaitz ezberdinak, haritza, ametza, gaztaina, gorostia, urkia eta abar salbatzea egongo litzatekeela pentsatzen dugu. Gure ustez, inguruarekiko begirune gehiago eskatu beharko geniekela mendi ustiatzaileei.
Andatza mendia usurbildarron mendi kuttuna dugu, oinez nahiz bizikletaz ibiltzeko, udara eta udazkenean onddoak eta gaztainak biltzeko, ehiztariek oilagorretarako txakurrak trebatzeko, ganaduzaleek belar izpiak aprobetxatzeko (Diputazioak utzi ezkero), erreka desberdinetako ura jasotzeko, pinuaren egurra ustiatzeko, eta zergatik ez, egunean batean sortzen den biomasa energia iturri bezala erabiltzeko.
Herrian eta herritarren artean sumatzen dugun kezkarekin bat eginez Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak badaki orain egindako kalteak denbora laburrean naturari pixka bat lagundu ezkero errekuperatuko direla. Guk haratago joan nahi dugu, Andatzaren etorkizunaz ari garenean epe luzera ari gatzaizkizue, Diputazioa eta Udalarekin batera herriko eragile desberdinak parte hartu beharko genukeela bere planifikazioan dena Diputazioaren esku utzi gabe.
Honela egunen batean Usurbilgo herriak Andatza bereganatzen duenerako ustiaketa orekatu eta txukun bat egiteko oinarriak finkatzen hasiak izango gara.
Andatza Taldea