Hondakinen kudeaketa sektorea, lanpostu sortzaile

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 5a, 00:00

Gogotsu, ikasitakoa praktikan jartzeko prest aurkitu genuen iragan hasieran, ondoko argazkian ageri den lagun taldea. Apirila hasieratik, hiri hondakin eta hondakin industrialen alorreko prestakuntza teorikoa jaso dute. Lan praktikoa burutuko dute hurrengo hilabeteetan. Donostialdeko udalek eta Lanbidek sustaturiko enplegu prestakuntza programa batean parte hartzen ari dira guztiak. Profesionaltasun ziurtagiri bat jasoko dute amaieran. Esperientzia, ezin lagungarriagoa egiten ari zaie, lan bila zebiltzan sei lagun hauei. Haiekin batera argazkian da, Joana Larrea, prestakuntza saioak bideratu dituen hezitzailea. Berak eman dio NOAUA!ri, egitasmo honek orain arte eman duenaren berri.

Zer eduki jorratu dituzue prestakuntza saioetan?
Prestakuntza hiru blokeetan banatua egon da; hiri hondakinak, hondakin industrialak eta segurtasuna. Hirugarrena ordu aldetik gutxiena dituena izan da, beste biek ordu gehiago. Hiri hondakinen inguruan, hondakin atal desberdinak bereizten, zeintzuk diren hiri hondakinak eta zeintzuk ez, Garbigunera zer eraman behar den eta zer ez... ikasi dugu. Praktikotasunera enfokatu nahi izan dugu, Garbiguneko langilearen, atez ateko biltzailearen edo ontziak biltzen dituen kamioi gidari baten azalean sartuta. Lehenengo bloke hau, Atallun eman dugu. Herritik zehar ibili ahal izan gara, sailkapena zer moduz egiten zen ikusteko. Auzokonpostaguneetara eta Garbigunera sarrera libre izan dugu. Bigarren blokean, hondakin industrialak zeintzuk diren jorratu dugu. Adibidez, bereizten zeintzuk diren industrialak eta zeintzuk ez, nolakoak diren hondakin horiek, zer ezaugarri dituzten, eta nola tratatu eta kudeatzen diren. Praktikotasunari begira, berriro ere langile desberdinen azalean sartzea izan da helburua. Adibidez, zabortegi bateko baskula kontrolatzen dagoen langile baten azalean sartu gara eta kamioi bat heltzerakoan zer egin beharko lukeen ikusi dugu, edo kamioi horren gidariak zer dokumentazio eraman behar duen... Segurtasunari buruzko prestakuntza, nahiko teorikoa eta orokorra izan da. Gero, lanpostuetan izango duten segurtasunari buruzko formazio zehatzagoa jasoko dute.

Praktikotasuna, prestakuntza saioen ezaugarri nagusietako bat?
Zazpi ordu izan dira egunean. Zazpi ordu teoria ematen, ezin da egon. Nahiz eta eduki teorikoak eman beharra izan, praktika ezberdinak egin ditugu, teorikoki eman duguna finkatzeko edota praktikotasunetik hasita teoria bultzatzeko.

Hondakin sortzaile izateak sei lagunen prestakuntza lana ere erraztuko zuen?  Aurretik norberak alor honetan zuen ezagutza ere lagungarria izango zen?
Hiri hondakinetatik hasteak laguntzen du. Neurri batean edo bestean pertsona guztiak gara hondakin sortzaileak. Etxean ditugu, badakigu zer den zer, batzuk gehiago besteek gutxiago. Baina kontzeptu horiek guztiak ez da horren zaila barneratzea.

Ikasleek jaso al dute herritarrekin, egunerokoan hezitzaile gisa aritzeko prestakuntza?
Suertatu da sei ikasleetatik lau, atez atekoa egiten den herrietan bizi direla. Oso barneratua dute, hondakin atalak zeintzuk diren, zer doan nora. Eta hori dena oso barneratuta izan dute. Badaude prest edozeini laguntzeko, irakasteko.

Krisi egoera honetan, zer tarte du horrelako prestakuntza programa batek egungo lan merkatuan?
Erabilgarria da. Gauden egoeran egonda, egitasmoaren sustatzaileek ikusi dute hondakinen arloa lanpostu berriak sortzeko eraginkorra izan daitekeela. Azken finean, bai Europako legeek eta bai gureek ere geroz eta hondakin gehiago birziklatzera bultzatzen gaituzte. Normala da lanpostuak sortzea, instalakuntzak, plantak eta langileak behar dira, gure hondakin guztiak birziklatu eta tratatu ahal izateko. Erabilgarria ehunetik ehun, ikuspuntu horretatik.

Profesionaltasun ziurtagiria jasoko dute ikasleok. Zertarako gaituko ditu ziurtagiri horrek?
Hiri hondakin eta hondakin industrialen kudeaketa alorreko profesionaltasun ziurtagiria izango da. Beraz, hiri hondakinak eta hondakin industrialak tratatu edo birziklatu egiten duen edozein enpresatan, beste pertsona batzuen aurrean, onurak izango dituzte lanpostu batera aurkezterakoan.

ENPLEGU PRESTAKUNTZA PROGRAMAREN EZAUGARRIAK 
-Prestakuntza alorra: hiri hondakin eta hondakin industrialen kudeaketa
-Nori zuzendua: Donostialdea Mendebal eskualdeko langabezian diren sei lagunei.
-Hautaketa prozesua: Lanbideren bidez egin da. Lanbiden izena emanda eta baldintzak betetzen zituztenen artean, elkarrizketen bidez hautatu dira.
-Bete behar ziren baldintzak: 45 urtetik gora edo/eta luzaro langabetuak, 30 urtetik beherakoak izatea eta kualifikaziorik gabeak, edo ta RGI delakoa jasotzea.
-Programaren antolaketa: %30 formazio teorikoa (270 ordu), %70 lan praktikoa (525 ordu).
-Egutegia: formazio teorikoa apirilaren 2tik maiatzaren 27ra; lan praktikoa maiatzaren 29tik aurrera.
-Lan praktikak (errotazioz, sei langileek jarduerok egingo dituzte): Garbitanian, auzo konpostaguneetan, Usurbilgo kaleetako hondakinen bilketa zerbitzuan, Urnietako sailkatze plantan, Garbiguneetan.
-Enplegu prestakuntza programa honen sustatzaileak: Donostialdea Mendebal eskualdeko Udalerriak (Usurbil, Urnieta, Astigarraga, Hernani, Andoain, Lasarte-oria) eta Lanbide.