NAIZ.info atariak Auzitegi Nazionalak kaleraturiko oharra ezagutzera eman du. Auziperatu eta elkarte bakoitzak epailearen aurrera noiz agertu behar duen zehazten da bertan. Aitzaga Elkarteko ordezkaritza azaroaren 26an, goizeko 10:00etan deitu dute deklaratzera, Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan.
Aipatu epaitegitik kaleratu duten autoa irakurtzen hasita, bada "bitxikeriarik". Badirudi auzitegiko autoa idatzi duenak ez zuela oso argi Usurbilgo herriko tabernak ze izen duen. Bitan agertzen da Irazu kaleko elkartearen izena, kakotxa artean Aitzaga dela dio, baina ondoan, dokumentu honen egileak argi izango ez balu bezala, "Ahí Saga" izena jaso du. Itxura denez, badaezpada edo.
2002tik datorren prozedura
Lau hilabete barru abiatuko den epaiketaren prozedura ordea atzetik dator. Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak abiatu zuen 2002ko abuztuan. Une hartan, hamaika lagun atxilotu eta 75 herriko tabernen kontu korronteak blokeatzea agindu zuen. Tartean, Usurbilgo Aitzaga Elkartekoa.
Baina elkarteak eta tabernak irekita jarraitu zuten, beste lau urtez. 2004an Aitzaga ireki zuteneko hamargarren urteurreneko jaialdia ere ospatu zuen, ordurako jada 120 bazkide zituen elkarteak. Baina halakoetan gertatu ohi den moduan, duela hamaika urte abiaturiako prozedura hark ondorio gehiago ekarri ditu denbora tarte honetan. 2006ko otsailaren 11n, Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaskaren aginduz, Guardia Zibilak Aitzaga elkartea eta taberna itxi zituen.
Aitzaga itxi bakarrik ez, deklarazioa hartzeko inputatu zituzten Aitzagako zenbait kide, "talde armatuko kolaboratzaile gisa". Ez zieten ezer leporatu baina Aitzaga bi urterako ixteko agindua eman zuten. Gertaerok jazo eta egun gutxira, Aitzagako kideek NOAUA!ri argi adierazi zioten (egun haietan Aitzagako kideek egin zuten agerraldia, ondoko irudian), gerora, itxiera urteetan mantenduko zuten konpromisoa: "Bilgunea kendu digute. Baina elkarte bezala funtzionatzen jarraituko dugu". Hasiera batean, bi urterako ixteko agindua eman arren, Aitzaga sei urtez egon zen itxita azkenean. Aipatu moduan ordea, tarte horretan, egoitza itxita egon arren, hainbat ekimen antolatzen jarraitu zuten.
Kultur eta kirol ekimen askoren sustatzaile izan baita Aitzaga, 1994. urtean ireki zutenetik: pilota txapelketak, azokak... Partaide izan da baita, herriko ekimen askotan. Eta beste talde batzuen azpiegitura lanak ere egin ditu Aitzagak. Herri mugimenduei baina bereziki herriko taldeentzat ateak irekiak izan ditu beti.
Kateak kendu zituztenetik urtebetera, epaiketa
Bi ez, aipatu moduan sei urte igaro behar izan ziren, Aitzagako ateak irekitzeko. Abertzale eta ezkertiarren bilgunea 2012ko otsailaren 2an ireki zuten berriz, Auzitegi Nazionalak itxiera bertan behera uzten zuen autoa kaleratu ostean. Albistea jakin bezain laster, Usurbilgo Ezker Abertzaleak ongi etorri ekitaldia antolatu zuen. "Orain, Aitzagari ongi-etorri goxoa egitea tokatzen zaigu", iragarri zuten. Taberna atarira gerturatzeko gonbita luzatzen zieten herritarrei. Eta herritar ugari gerturatu zen iazko otsailaren 2ko inaugurazio ekitaldira, egun hartako elurrari eta hotzari aurre eginez.
Trikitixa eta bertso doinuek berotu zuten hitzordua. Adierazpenen artean, garai berriotan, Aitzaga bezalako egoitzek duten garrantzia nabarmendu zen. Eta segidan, Aitzaga irekitzera. Sarrerako kateak Jexux Mari Errekondok, Aitzagako sortzaileetako bazkideak kendu zituen. Atea ireki, argiak piztu eta herritarrek, aspaldiko partez, barruko instalakuntzak zer egoeratan zeuden ikusteko aukera izan zuten. Uste baino egoera hobean zegoen egoitza, inaugurazio egunean ikusi ahal izan zenez. Elkartea eta egoitza bere onera ekartzeko, talde bat ere sortu zen.
Egin beharreko lanak eginda, duela urtebetetik normaltasun osoz, irekita daude Aitzaga elkartea eta taberna. Orain, urriaren 17an hasiko den epaiketaren zain.
Lehen mobilizazioetarako deia
Hurrengo ostegunerako, ekainaren 13rako, mobilizazioak deitu ditu Sortuk, atzo burutu zuten agerraldian. Mobilizazio hauek, Ezker Abertzaleko 40 auziperatuen eta 35/02 sumarioan dauden herriko tabernen udalerrietan deitzekoak dira, "Konponbideari erasorik ez, utzi bakean Euskal Herria" lemapean.
AITZAGAREN KRONOLOGIA
1990: Elkartearen osaera.
1994: Elkartearen eta tabernaren irekiera.
2002/4: sumarioaren irekiera, Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz. 11 lagun atxilotu eta gerora, 75 herriko tabernetako (Aitzaga) kontu korronteak blokeatu zituzten.
2002/8/26: Batasunaren ekintza oro bertan behera uzten zuen epaia kaleratu zuen Garzonek.
2004/6/20: Aitzagaren 10. urteurren jaialdia.
2006/2/11: Auzitegi Nazionalak elkartea eta taberna bi urtez ixteko agindu zuen.
2012/2/2: sei urtez itxita egon ostean, itxiera agindua bertan behera utzi eta Aitzaga ireki zuten berriz.
2013/6/5: Auzitegi Nazionalak Batasuna edo 35/02 zenbakidun sumarioari loturiko epaiketaren data jarri du.
2013/10/17: epaiketaren hasiera, goizeko 10:00etan Madrilen. Otsailaren 17ra arte luzatuko dela aurreikusten dute. Ezker abertzaleko 40 kide epaituko dituzte.
EPAITUAK IZANGO DIREN EZKER ABERTZALEKO KIDEAK:
12 URTEKO ESPETXE ESKAERA
Arnaldo Otegi
Joseba Permach
Rufi Etxeberria
10 URTEKO ESPETXE ESKAERA
Joseba Alvarez
Jon Gorrotxategi
Josu Iraeta
Adolfo Araiz
Jose Antonio Egido
Karlos Rodriguez
Mikel Arregi
Esther Agirre
Karmelo Landa
Miren Jasone Manterola
Jose Luis Elkoro
Floren Aoiz
Juanpe Plaza
Santi Hernando
Juan Kruz Aldasoro
Kepa Gordejuela
Isa Mandiola
Txekun Lopez de Aberasturi
Antton Morcillo
Shanti Kiroga
8 URTEKO ESPETXE ESKAERA
Idoia Arbelaitz
Bixente Enekotegi
Enrike Alaña
Patxi Jagoba Bengoa
Jose Luis Franco
Jaione Intxaurraga
Joseba Garmendia
Juani Lizaso
Ruben Granados
Maite Amezaga
Izaskun Barbarias
Juan Francisco Martinez
Agustin Rodriguez
Joseba Imanol Kortazar
Sabin del Bado
Andres Larrea
Pedro Felix Morales