Aste honeta NOAUA! aldizkarian argitaratzeko gutuna igorri du, iragan maiatzaren 30eko greba orokorrari begira, Usurbilen osatu zen Greba Batzordeak. Lehenik eta behin, zorionak helarazi nahi dizkiete duela astebeteko deialdiarekin bat egin zuten herritar eta langileei. Baita greba antolatu zuten eragileei ere. "Herritarrok hartutako konpromisoaren erakuslea izan da greba egunean Usurbilen atera zitekeen argazkia", adierazi dute Usurbilgo Greba Batzordetik.
Maiatzaren 30eko deialdia igaro ostean ere, bilgunetik diotenez, "mobilizazioak eta borrokak etengabea izan behar du, hain zuzen ere, eredu sozial justu bat eraikitzea ahalbidetuko duen burujabetza politiko eta ekonomikoa eskuratu artekoa". Bide horretan, hurrengo urratsa jarria dagoela diote, "Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzea izango da. Aldarrikatzetik harago joango den tresna izatea nahi dugu, euskal gizarte osoaren indarrak eta garatzen ari garen borrokak batzeko lehen pausoa, helburu argi batzuen inguruan bidea osatzen lagunduko dutenak. Ziur gaude bide honek Euskal Herriarentzako, eta beraz, Usurbilentzako eredu propio batera eramango gaituela".
Hona hemen, Usurbilgo Greba Batzordetik NOAUA!ra helarazitako gutuna, bere osotasunean:
ZORIONAK USURBIL, DENOK BATERA LORTUKO DUGU!
Pasa den maiatzaren 30eko greba orokorrak Usurbilen izan duen isla eredugarria izan da, ia lantegi eta komertzio guztiak itxiak izan baitziren. Krisia pairatzen ari garen langile, langabetu, etorkin, ikasle, etxe-kaleratu, etxeko langile, gizon eta emakumeok gizonak berdintzen gaituen borroka tresna izan da greba orokorra, guztiok elkarrekin, etsai komuna den sistema kapitalistari aurre egin baitiogu, eta seguru gaude, aurrerantzean ere aurre egiten jarraituko diogula. Edozeren aurretik beraz, zoriondu grebaren antolakuntzan arituriko eragile sindikal eta sozialak, eta bereziki, greba orokorrean parte hartu duzuen herritarrak. Biba zuek!
Herritarrok hartutako konpromisoaren erakuslea izan da greba egunean Usurbilen atera zitekeen argazkia, izan ere, saltokiren bat salbuespen, taberna eta saltoki guztiek pertsianak jaitsi baitzituzten eskubide sozial eta laboral duinen aldeko borrokari elkartasuna adierazi eta konpromisoa hartuz. Gauza berbera esan dezakegu herriko lantegietako langileei dagokionean, lantegietan ere jarraipen zabala izan baitzuen greba orokorrak. Hala ere, zoritxarrez, bi salbuespen nagusi izan ziren, Urbil merkatalguneak (Ertzaintzaren armek babesturik) eta Michelin lantegiak beste behin ere herritar ororen eskubideen defentsari bizkar eman baitzien. Bi ereduen arteko talka azaleratu da berriz ere. Alde batetik, herritar guztion interesen alde lerrokatzen diren langile, herriko taberna eta saltoki txikiek eskatzen dugun eredua, justizia sozialean eta elkartasunean oinarrituko dena. Bestetik, beraien etekinak herritarron eskubide sozial eta laboralen etengabeko urraketan oinarritzen dituzten Urbil eta Michelin bezalako multinazionalek elikatzen duten eredu kapitalista. Honen aurrean, zoriondu, zailtasunak zailtasun, azken eredu hau salatu eta, elkartasunaren eta konpromisoaren isla izan zareten herriko langile, taberna eta saltoki txikiak.
Greba eguna atzean utzi dugu, baina ez gara aspertuko greba egunean esandakoa errepikatzeaz: mobilizazioak eta borrokak etengabea izan behar du, hain zuzen ere, eredu sozial justu bat eraikitzea ahalbidetuko duen burujabetza politiko eta ekonomikoa eskuratu artekoa. Bide honetan, greba orokor egunean langile eta herritarrok eraiki dugun olatua profitatuz, hurrengo urratsa Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzea izango da. Aldarrikatzetik harago joango den tresna izatea nahi dugu, euskal gizarte osoaren indarrak eta garatzen ari garen borrokak batzeko lehen pausoa, helburu argi batzuen inguruan bidea osatzen lagunduko dutenak. Ziur gaude bide honek Euskal Herriarentzako, eta beraz, Usurbilentzako eredu propio batera eramango gaituela, eskubide sozial eta laboralen errespetuan eta justizia sozialean oinarritua, ekonomiaren erdigunean eta merkatuaren lekuan bizitza bera jarriz. Horregatik, elkarlanerako eta konpromisorako deia luzatu nahi dizuegu herritarrei zein aldaketa soziala exijitzen duten eragile guztiei. Denok batera lortuko dugu!