Antzekotasunak dituzten bi herrialde, eta udalak partaide dituzten bi elkarte bildu dira gaur eguerdian, Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan; batetik, Kurdistango Anatolia Hegoekialdeko Udalen Elkarteko ordezkariak, eta bestetik, Udalbiltzako lehendakari Mertxe Aizpurua eta Maite Iturre lehendakariordea.
GABB ("Union of Southeastern Anatolia Region of Municipalities") elkartearen izenean, idazkari nagusi Ahmet Ertak, koordinatzaile Zerin Turk, Senmdiliko alkate Sedat Tore eta Hakkariko alkate Fadil Bedirhanoglu izan dira udaletxean. Turkiaren menpe dagoen Kurdistango elkartea dugu hau, 118 udal ordezkatzen ditu. Egunotan Euskal Herrian dira, hemen bizi dugun egoera bertatik bertara ezagutu asmoz. Asteartean bilera informal bat burutu zuten GABB elkarteak eta Udalbiltzak. Gaur, Euskal Herriko erakundeak harrera egin die Kurdistango elkarteko kideei.
"GABB-eko kideok esan digute hartu-eman hau garrantzitsua dela eurentzat, aurrera begirako lankidetza posible baterako", diote Udalbiltzatik kaleratu duten prentsa oharrak. Udalbiltzak ere lehentasunen artean kokatzen du, munduko erakundeekin harremanok sustatzea. "Estaturik gabeko nazioetako prozesuak eta esperientziak oso garrantzitsutzat ditugu. Beraz, guretzat ere lehen urrats bat da gaur kurduekin izandako bilera hau", berri eman du Udalbiltzak.
Bi errealitate, paralelismoz josiak
Bi erakundeek dituzten antzekotasunak ere nabarmendu dituzte. "Estaturik gabeko nazioetako udal elkarteak gara, norberaren nazioaren aldekoak. GABBk 1991n du sorburu urtea, baina 2005etik dago benetan martxan. Udalbiltza 1999an sortu zen, eta, 2001ean zatitu ostean, aurtengo martxotik berrantolatuta dugu", diote Udalbiltzatik.
Are gehiago, gaur elkartu diren bi herrietako ordezkariak, estaturik gabeko nazioak dira, eta "biak ere estatu batzuetan zatituta daude: Kurdistan lau herrialdeetan (Turkia, Iran, Irak eta Sirian) eta Euskal Herria bitan (Espainian eta Frantzian). Turkiaren menpeko Kurdistanen 20 milioi lagun bizi dira".
Antzekotasun gehiago. "Bai Kurdistanen, bai Euskal Herrian bake prozesu bat dago abian. Han PKK-k borroka armatua utzi duela iragarri du aurten, eta hemen ETAk gauza bera jakinarazi zuen 2011n. Bi nazioetan, baina, oraindik ere preso ugari da: Turkiaren menpeko Kurdistanen 10.000, eta euskal presoak 700 bat dira. Gainera, estatuen aldetik erakunde politiko eta sozialen aurkako erasoak jasotzen ditugu bi naziook".
Herri bakoitza zer bide jorratzen ari den ere aipatzen dute. "Kurduek Turkiaren baitan euren eskumenak izatea bilatzen dute, eta guk, Udabiltza bezala, Euskal Herriaren artikulazio politikoa eta nazio eraikuntza ditugu helburu".
Euskal Herrian egon ostean, gaur bertan Herrialde Katalanetara doaz GABB elkarteko ordezkariak. Euren berri, web orrialde honetan jaso daiteke: www.gabb.gov.tr