Eskertza eta deialdi desberdinak Udarregitik, ikasturte amaiera honetan

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 7a, 00:00

Iragan igandean ospatu zen Ikastola Egunaren harira, eskerrak helarazi nahi dituzte Udarregitik. "Ikastolaren izenean lerro hauen bidez eskertu nahi dizkizuegu Ikastolaren Eguneko antolaketan nahiz festan izan duzuen parte hartzea eta eskainitako laguntza. Horiek aukera eman digute egun ederra elkarrekin pasatzeko eta ikastola benetan guztiona eta guztiontzat dela sentitzeko! Mila esker berriro ere eta jaso itzazue ikastolako kide guztien agurrik zintzoena eta eskerrik beroenak!", adierazi dute udarregi.com web orrialde bidez.

Eskertza honekin batera, badira Udarregitik helarazi dituzten beste zenbait deialdi ere:

GOIZEKO ZAINTZA
2013-14 urterako prestakizunak abian dituzte Udarregi Ikastolakoek. Tartean, irailetik aurrera, "Goizeko Zaintza" zerbitzua eskaini asmo dute Agerialden, goizeko 8:00etatik 9:00etara. Interesdunek, izen emateko epea irekita dute ekainaren 20ra arte. Apuntatzeko, ikastolako idazkaritzara jo behar da. Epea igarota taldea osatu bada, ez da ikasle gehiago onartuko. Zerbitzuaren kostua, erabiltzaile kopuruaren arabera zehaztuko da. Argibide gehiago, 943 361 216 telefono zenbakian.

S.O.S. AFRIKA
Afrikarako arropa eta oinetako bilketa kanpaina abiatu dute ikastolan. Bilketa, ekainaren 14ra arte egingo da, ikastolako erdiko aretoan. S.O.S. Afrika Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolaturiko ekimen honetan parte hartzera deitzen dute.

"JANGELA IREKIA"
Ikasturtea amaituko duten egunean, ekainaren 21ean "Jangela Irekia" izeneko ekimena antolatu dute Udarregi Ikastolan. Helburua, "bazkaldarren familiei zerbitzuaren funtzionamendua erakustea, hurbiltzea eta zer bazkaltzen den erakustea da besteak beste. Bazkaldar bakoitzeko bi senitartekok etorri ahal izango dute bazkaltzera jangelara egun horretan, dohainik". Ekimenean parte hartzeko asmoa dutenek, aldez aurretik eman beharko dute izena Udarregi Ikastolako idazkaritzan.

TOLOSAKO KILOMETROAK LAGUNTZEKO DEIA
Urriko lehen igandean Tolosan ospatuko den Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdia laguntzeko, "Klikmetroak" egitasmoan parte hartzera deitzen dute Udarregitik. "Klikmetroak egitasmoak bi atal ditu: batetik, zirkuitu birtualean, norbanakoak metro bat egiten du mezu bat idatziz. Bestetik, norbanakoek egin dituzten metroei babesleak aurkitzen zaizkie, hau da, komertzio, enpresa,… batek ordaindu egiten du, zirkuitu birtual horretan norbanakoek egin dituzten metroen babesle moduan agertzeko. Beraz, Klikmetroak bi zutabetan oinarritzen da, NORBANAKOAK eta BABESLEAK. Zuengana, NORBANAKOAK izan zaitezten eskatuz zuzentzen gara. Ikastolari bi aste hauetan tokatzen zaio ahalik eta norbanako gehien egitea, eta horretan denon laguntza behar dugu. Bai ikastolako ikasleena, langileena eta baita, zuena, gurasoena ere", deitzen dute. 

Aurtengo zirkuituak 7000 metro izango ditu. "Beraz, gutxienez horrenbeste norbanako behar ditugu. Ea denon artean bultzada sendo bat ematen diogun Klikmetroak egitasmoari", adierazi dute Udarregitik. Informazio gehiago: klikmetroak.kilometroak.net/metroa/klik

LIBURUTRUK
Gaur amaitzen da Libutruk ekimenean parte hartzeko izen emateko epea. "Izen-emateko orriarekin batera, 3035 0140 33 1400024098 kontu korrontean 10 euroko ordainketaren agiria eman beharko diozue irakasleari. Ordainketa egiteko garaian ikaslearen izen-abizenak eta egingo duen maila adierazi behar da", ohartarazi dute Udarregitik.