Ohorezko Mailan da, Usurbil FT-ko kadete mutilen taldea

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 7a, 00:00

Erronka lortu dute; Usurbil FT-ko kadete mutilak Ohorezko Mailara igotzea lortu dute, azken bi asteburuetan jokaturiko play-off saioen ostean. Irungo Dunboa-Eguzki taldekoak izan dituzte aurkari. Lehenbizi, maiatzaren 25ean Irunen jokatu zuten eta 0-1 irabazi zuten usurbildarrek. Garaipen honi esker, eskurago zuten igoera. Baina iragan larunbatean etxean jokatzekoak ziren neurketara arte itxaron behar.

Ekainaren 1ean ordea bai, ametsa egi bihurtu zen, irundarren aurka bina berdindu ostean. "Larunbatean Haranen bizi izan genuena izugarria izan zen", adierazi dute Usurbil FT-tik. "Gure mutilek Dunboa-Eguzki talde irundarraren aurka, bigarren itzuliko partida jolastu eta bina berdindu zuten. Irunen jokatutako partida jokatu ondoren hartutako abantaila erabakigarria izan zen", gaineratu dute. Zuzendaritzatik eskerrak eman nahi dizkiete partida ikustera hurbildutakoei, guraso, jokalari eta entrenatzaileei. 

Usurbil Cup, finaletik gertu
Asteburu honetan ere neurketa gehiago jokatuko dituzte Usurbil Cup txapelketan parte hartzen ari diren hamarnaka taldeek. Finaletik gertu dira jada. Usurbil FT-k, hurrengo astebururako iragarriak ditu azken partidak.

Errifa zozketa
Berriki, errifa zozketa egin du Usurbil FT-k. 1305 izan da zenbaki saritua. Tono Rodriguez eta Joseba Lejardi izan dira sarituak. Urdaiazpiko ederra eta botila ardoa irabazi dituzte. 

Irudia: Usurbil FT.