25 urteetan Pirinioetan egin dituen hiru milakoak argazkietan bildu eta orain, irudi bilduma osoa jendaurrean aurkeztuko du Patxi Azpirotz herritarrak. Andatza Mendizaleen Kirol Taldearekin batera, diaporama saioa antolatu du gaurko, ekainaren 7rako, 19:30etatik aurrera Sutegin. Azpirotzek oroitzen duenez, bere lehenengo hiru milakoa “Balaïtous izan zen 1979an. 25 urte beranduago, 2004an, nire 212. hiru milakoa igo nuen, Perdido Mendiaren Hatza”.
Argazkietan beraz, igoera guztiok islatuko dira. Mendien inguruko datuez gain, mendien izen eta garaierak ere jaso baititu saio honen egileak. Argazkietan Patxi bera ageri da, eta urteotan bidaia lagun izan dituenak. “Hiru milakoak egiteko orduan, 25 urte hauetan, lagun askok lagundu didate. Hainbat kasutan usurbildarrak. Baina badaude lasartearrak, zarauztarrak, azpeitiarrak, hernaniarrak, donostiarrak, pasaiatarrak, andoaindarrak, tolosarrak, eibartarrak, elgetarrak, bergararrak, debatarrak, mundakarrak, bermeotarrak”, dio Azpirotzek. Musikak girotuko du diaporama saioa.