Mundumob ekimenaren agurra, larunbatean Donostian

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 7a, 00:00

"Guztion artean mundu hobeago bat daukagu eraikitzeke", eta horregatik, larunbatean Donostian antolatu den Mundumob ekimenaren amaierara joateko gonbita luzatzen diete herritarrei, Usurbil Zero Zabor taldetik. Maiatzaren 4an Orendainen hasi eta asteotan herriz herri ospatu den ekimena, ekainaren 8an helduko da hiriburuko Bulebarrera, arratsaldeko 18:00etan. Ekitaldi nagusiak osagai desberdinak izango ditu: mundubolaren etorrera, herritar eta eragileei eginiko lanaren aitortza, Gipuzkoa Zero Zabor eta Europe Zero Wasten mezuak, dantza koreografiatuaren grabaketa, hainbat sorpresa... Eta dantza prestatzeko azken entsegu saioa, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. 

Aurretik gaur arratsaldeko 19:00etan ere entsegu saioa deitu du Zubieta Lantzenek, Zubietako Eskola Txikian.

Larunbateko hitzorduari begira, hauxe da Usurbil Zero Zaborretik NOAUA!ra igorri duten gutuna:


EMAN HARTU NAHI DUZUN MUNDUA
Maiatzaren 4an Orendainen, Gipuzkoako lehenengo zero zabor herrian, hasi zen Gipuzkoa Zero Zabor eta herrietako Zero Zabor taldeek elkarlanean antolatutako Mundumob ekimena. Ekimenaren bidez, hondakinen kudeaketan ere oinarri izan beharko lukeen printzipioa aldarrikatzen ari gara. Guztiok daukagu mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea, eta ondorioz, guztiok daukagu hurrengo belaunaldiei mundua jaso dugun aukera berdinekin uzteko betebeharra. “Eman hartu nahi duzun mundua” leloan laburtu dugu ideia. Herriz herri eskuetatik eskutara dabilen mundubolak irudikatzen du mezua.

Herriz herri lau astetako ibilbidea egin du dagoeneko, aldarrikatzen dugun etorkizun baikor eta itxaropentsu hori giro alaian irudikatuz. Ekimen honen bidez, Gipuzkoarrak batzen gaituzten ideiak indartu nahi izan ditugu, liskarrak eta zatiketak alde batera utziz, hondakinen kudeaketa ezegokiaren arazoari irtenbide eraginkorra elkarrekin eraikitzeko dei eginez.

Larunbata arratsaldean, 6etan Donostiako bulebarrean burutuko da herrialde mailakoa izango den azken ekitaldia. Ekitaldi arin eta entretenigarria egingo dugu. Guztiok izango dugu lekua bertan, dantzatuko ez dutenak eta dantzatuko dutenak. Oraindik koreografia jakin ez eta ikasi nahi duenarentzat entseguak izango dira ekitaldia hasi aurretik.

Animatu guztiok eta azaldu Donostiako zitara. Guztion artean mundu hobeago bat daukagu eraikitzeke.