Errauste planta behingoz bertan behera uzteko, manifestazioa larunbatean Donostian

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 10a, 00:00

Jada behin betiko, bertan behera uztea eskatzeko, errausketaren aurkako manifestazioa deitu dute larunbaterako, ekainaren 15erako, 17:30etan Donostiako Bulebarrean. Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinadorak eta eragile sozial eta politiko gehiagok babesten duten mobilizazioa gaur eguerdian aurkeztu dute, hiriburuko Koldo Mitxelena Kulturunean.

Deitzaileek argi zioten, manifestazioa deitzeko arrazoi bat baino gehiago dagoela oraindik. "Dudarik gabe, bide onetik goaz, baina hala ere ezin dugu pentsatu errausketaren arazoa eta hondakinen kudeaketaren kontua konponduta daudenik", nabarmendu dute, Kepa Olaizek euskaraz eta Maria Luisa Sanchezek erdaraz irakurri duten adierazpenean. 

Gipuzkoa osoa zero zabor lurraldean bihurtzeko "hartu beharreko neurriak hartu daitezen", inoiz baino ahalegin gehiago egin behar direla azpimarratu dute: 


ERRAUSKETARIK EZ!!!
Hondakinen Partzuergoak Zubietako errauste-plantaren eraikuntza behin-behinean etetea erabaki zuen, baina behin betiko geldiketa ez da iritsi oraindik, zeren aurreko arduradunek proiektua atzera-bueltarik gabeko bihurtu nahian, inongo zilegitasunik gabe eta ezkutuan banketxeekin abusuzko baldintza batzuk sinatu baitzituzten, bereziki garestiak proiektua gelditzekotan edo bertan behera uztekotan eta mailegua aurretiaz kitatzekotan. Eta hori, errauste planta eraikitzeko eta ustiatzeko kontratua esleitu zitzaien enpresek, lizitazio prozesuan irregulartasun ugari aurkituagatik, kontratua etetzeagatik edo/eta deuseztatzeagatik exijitu nahi dituzten kalteordainez aparte.

Dudarik gabe, bide onetik goaz, baina hala ere ezin dugu pentsatu errausketaren arazoa eta hondakinen kudeaketaren kontua konponduta daudenik. Badago denontzako lanik eta lan egiteko hainbat arlo: herri bakoitzean, orain arte martxan egon diren zatikako bilketa zaharkituak alde batera utzita, ahalik eta bilketa selektibo tasarik altuenak bermatzen dituzten hondakinen gaikako bilketa intentsiboak ezartzen; emaitzen jarraipena eta egiaztapena egiten; eta errauste-planta behin betiko bertan behera uztea eta PIGRUGen Aurrerapen-Dokumentua Garatzeko Estrategia delakoan aurreikusitako azpiegiturak berehala eraikitzeari ekitea exijitzeko mobilizazioak egiten.

Ez gaude bakarrik. Europak -bai Komisioak eta baita Europar Parlamentuak ere egin berri duten adierazpenekin bat etorriz- Gipuzkoan egiten ari den lana onetsi eta babestu egiten du. Foru Aldundiko eta Partzuergoko egungo arduradunek plazaratutako PIGRUGen DdP delakoaren Garapen Estrategia eta Gipuzkoako herri aurreratuenen jokabidea eredugarritzat jo dituzte.

Orain, inoiz baino gehiago, ahaleginak egin behar ditugu Gipuzkoa osoa Zero Zabor Lurraldea izan dadin hartu beharreko neurriak har daitezen.

Guzti honegatik manifestaziorako deialdia egiten dugu: ekainaren 15ean, arratsaldeko 17:30etan Donostiako Bulebarrean. 

BIRZIKLATZEARI BAI, ERRAUSKETARIK EZ; EZ HEMEN, EZ INON; EZ ORAIN, EZ INOIZ.
ZUBIETAKO ERRAUSTE-PLANTA BERTAN BEHERA UTZI BEHIN BETIKO!

Manifestazioarekin bat egin duten eragileak:
-Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundea.
-Eguzki.
-Ekologistak Martxan.
-Greenpeace.
-CCOO.
-ESK.
-STEE-EILAS.
-Ezker Anitza.
-Ezker Batua.
-Erabaki.
-Gorripideak.
-Sortu.