Matrikulatzeko deialdian iragarria zuten Zumarte Musika Eskolakoek. Musika txokoa, musika mintzaira eta instrumentuko ikasle berrien kasuan, matrikulaturiko ikasle kopuruak zeuden plazak gainditzen bazituzten, zozketa egingo zela iragan ostegunean. Zozketa egin behar izan dute, eta bertan plaza lortu dutenak eta itxaron zerrendan geratu direnak nortzuk diren, zumarte.org atarian kontsulta daiteke.
"Zozketaren ondoren itxaron zerrenda egingo da eta bajarik egon ezkero itxaron zerrendako ikasleak sartuko lirateke. Zozketaren ondorioz plaza gabe geratzen diren ikasleei matrikula itzuliko zaie", ohartarazia dute Zumartetik.
Informazio gehiago: 943 371 594 telefono zenbakian, zumarte.org atarian edo musika eskolako bulegoan (Kale Nagusia, 45). Baita sare sozialetan ere: www.facebook.com/ZumarteUsurbilgoMusikaEskola
Ikasturte amaierako kontzertuak, ostegunetik aurrera
2013-2014 ikasturterako matrikulazio epea itxi berri dute, eta orain, udako oporraldian murgildu aurretik ospatzeke gelditzen zaien azken hitzorduaren atarian dira, Zumarte Musika Eskolakoak. Ikasturte amaierako ikasleek eskaini ohi dituzten emanaldiei buruz ari gara. Oraingoan, ostegun honetan, ekainaren 13an burutuko da lehen saioa, Musika Txokoko ikasleen eskutik. 18:30etatik aurrera, Udarregi Ikastolan.
Gainerako emanaldiak, hilaren 17, 18, 19 eta 21ean izango dira. The Astelehen´s, Ganbarakada, musika instrumentu talde desberdinak edota abesbatzak igoko dira Sutegiko auditorioko oholtza gainera. Zumarte Gazte Abesbatzak borobilduko du emanaldi sorta hilaren 21ean, Kalezarko San Juan jaietan. Kontzertuen egutegia, eta emanaldi bakoitzean nortzuk parte hartuko duten, web orrialde honetako agenda atalean kontsulta dezakezue.