Mundumob ekimeneko antolatzaileen eskertza

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 10a, 00:00

"Eskerrik asko Mundumob ekimenaren bidez hondakinen kudeaketan ere iraunkortasunaren aldeko mezua zabaltzen lagundu diguzuen guzti-guztioi. Mundumoba antolatzen lagundu diguten Zero Zabor taldeetako kideei, musika, letra eta koreografia prestatu digutenei, koreografia irakasten aritu diren “irakasle” guztiei, eta modu batean edo bestean ekimenean parte hartu duzuen guztioi. Zuek ondoan edukita helburuak lortuko ditugun zalantzarik ez daukagu!", adierazi dute Gipuzkoa Zero Zabor mugimendutik, larunbatean Donostian, Mundumob ekimena agurtu ostean. 

Eguraldia lagun izan ez arren, "etorri zinetenok etorrita, hondakinen arazoari irtenbidea emateko beharrezkoa dugun laguntza izango dugula bermatuta dagoela erakutsi diguzue. Olatuen talkek higatu ezin duten harkaitza zarete, helburuak erdietsiko ditugunaren bermea. Guztion artean arazoak erronka eta erronkak lorpen bilakatuko ditugu, ez izan zalantza izpirik. Zerua goibel egon zen larunbatean baina konpromezu distirak nagusitu ziren Bulebarrean".

Maiatzaren 4an lehenengo zero zabo herrian hasi (Orendainen), eta 30 udalerri zeharkatu ostean, heldu zen Mundumob Donostiara. "Zabor gutxien sortzen duen herrian hasi eta Zabor gehien sortzen duenerako ibilbidea egin du ekimenak. Donostia, praktika on eta eredugarriak ezinbestean aplikatu behar diren lekua beraz, konponbidearen gakoa. Donostiak erronka polita jarri dio bere buruari: 2016 urtean Europako Kultur Hiriburu izatearena. Kulturak eta jakintzak nekez egiten dute bat utzikeria eta zabarkeriarekin. Donostiari Zero Zabor norabidean jartzeko gure ekarpena egin nahi diogu gaurko ekitaldiarekin".

Antolaketa lanetarako trabak
Eguraldiaz aparte, Donostiako larunbateko ekimena burutu ahal izateko bestelako trabak salatu dituzte antolakuntzatik. "Ekitaldi hau bera egiteko traba asko jarri dizkigute, tartean Eusko Jaurlaritzak Kaian egiteko baimena ukatzea. Bageneukan ekitaldia bertan behara uztea. Ez ginateke eguraldia ikusita, erabaki hori hartu zuten bakarrak izango. Baina baikortasuna aldarrikatu bakarrik ez, praktikan jartzea dagokigu ere. Dena ondo joan balitz prestatuta geneukan ekitaldia ezin izan genuen burutu noski. Ezin izan genuen prestatuta geneukan mailako ekitaldia egin. Egoera eta baldintzetara egokitzen jakin behar dugu, beti aurrera eginez, malgutasuna besteko determinazioz", berri eman dute web orri bidez.

Mundumob ekimenarekin fase bat amaitu dela diote antolatzaileek. "Mundumob ekimenean egindako aldarrikapena zabaltzen segi behar dugu gaurtik aurrera ere. Guztion artean, herritarrak ardatz hartuta, iraunkortasunean oinarrituko den mundua eraikitzeko erronka daukagu. Badakigu posible dela. Zergatik ez saiatu? Eman hartu nahi duzun mundua!", luzatu dute gonbita GZZ-tik.

Donostiako Mundumob ekimeneko lehen irudiak Gipuzkoa Zero Zabor mugimendukoen web orrian daude: gipuzkoazz.com atarian.