Miarritzeko "Elkartasun hatsa" ekimenera joateko autobusa

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 11a, 00:00

Iheslari eta Deportatu Politikoen Kolektiboari babesa adierazi eta “gatazkaren konponbidean ekarpen politikoa” egin dezan, Elkartasun Hatsa izeneko ekitaldia antolatu dute larunbat honetarako, ekainaren 15erako, Miarritzeko Irati erakustazokan. Egun osoan zehar animazioa, herri bazkaria edota kontzertuak izango dira. Baina larunbateko hitzordu nagusia, goizeko 11:30etarako iragarri dute. Ekitaldi politikoa burutuko da.

Iheslarien kolektiboan bada usurbildar bat; Xabier Miguel Ezkerra. Ekainaren 14ko astekari honetan berari eginiko elkarrizketa argitaratuko dugu.

Autobusa
Larunbatean Usurbildik Miarritzera, joateko autobusa antolatu dute. Izen emateko zerrendak Aitzaga, Txiriboga, Irrati eta Bordatxo tabernetan jarriak egongo dira, ostegunera arte. Autobusa larunbat goizeko 10:00etan irtengo da, Bordatxo ondoko errotondatik. Miarritzera helduta, egun osoko egitaraua antolatu dute bertan:

Egun osoan zehar, animazioa, txoznak, jatekoa (taloak, paella, ogitartekoak), haurren txokoa (pailazoak, puzgarriak, apar festa -ekarri bainu jantzia-...), erakusketak...
11:30 Ekitaldi politikoa.
13:30 Herri bazkaria (Prezioa: 20 euro bertan).
Ondoren, kantaldia.
19:00 Kontzertuak (doan): Gatibu, Gose, Iheskide eta Ze Esatek!
Informazio gehiago: herriaduguarnas.org