43 lagun igandean, Lokizeko irteeran

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 11a, 00:00

Eguraldi kaxkarrak baldintzaturiko irteera burutu zuten Andatzakoek iragan igandean, Lokiz mendizerrara. 43 lagun bildu zituen deialdiak. Hauxe antolatzaileek idatzi duten egunpasari buruzko kronika:

"NAHIKO LAN ATERKIAK ADARRETAN EZ UZTEN"
Gaurko egunean 43 pertsona elkartu gara antolaturik zegoen ibilaldia burutzeko. Goizeko sei terdietan abiatu gara autobusean sarturik euriak goitik behera goiz osoan zehar pakerik ez zigula emango esaten zigun bitartean. Lehenik, Gasteiz aldera joan gara bertan hiru kide gehiago taldera batzeko, eta ondoren, ibilaldiaren abiapuntu zen Narkue herrirantz zuzendu gara.

Goizeko bederatziak jotzear zeudenean iritsi gara, eta denok ondo prestatu eta aterkiak zabaldu ondoren abiatu gara. Igoera, tamalez, ez da gozatzeko modukoa izan, denok izan baitugu nahiko lan aterkiak adarretan ez uzten eta lurrean hanka non jartzen genuen begiratzen. Euriak, haizeak eta behe lainoak ez digute utzi inguratzen gintuena lasaitasunez ikusten.

Narkueko mendi lepotik barrena igo eta Otzamendi gailurrera iritsi gara. 1255m ditu eta Lokiz mendi lerroko gailurrik altuena da. Bidean, nahi baino gehiagotan zalantzak izan ditugu nondik nora joan erabakitzean, baina bide zuzena topatu eta zuhaitz batzuen babesean gorputzak indar berritzera iritsi gara bideari jarraitu ahal izateko.

Bidean, hurrengo pausoa, jaitsiera eta beste igoera baten ostean, Perriain edo Cruz de Alda gailurra izan da. Gailur hau egin ondoren, helmuga zen Urbisu aldera abiatu gara.

Ia dena jeitsiera zen arren noizean behin bide lauetatik ere ibili eta halako batean zerua argitzen ere hasi zaigu. Goizaren zatirik handiena bustirik eta tarteka hotzez igaro dugun arren, Urbisura iristen ari ginen heinean eguzkia agertzen hasi da. Herrira iritsi garenean gogotsu aldatu ditugu arropa bustiak lehor eta goxoengatik, eta bertako elkarte batetara joan gara ondo merezia genuen bazkariaren bila, dagoeneko ia hirurak gainean genituen eta.

Giro politean bazkaldu ondoren, arratseko seiak inguruan berriro autobusa hartu dugu lehenik Gasteiztik igarotzeko eta azkenik, Usurbila iristeko.

Irudia eta iturria: www.andatza.com