Arratsalde pasa ostiralean, Bihurri haur ludotekan

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 12a, 00:00

Bazkideei zuzenduriko festa mundiala iragarri dute Bihurri haur ludotekakoek, ostiral honetarako, ekainaren 14rako. Arratsalde pasa, 17:00etan abiatuko dute, Kontukantoi taldekoen saioarekin. Eta ondoren, "merendola goxo goxoa eta opariak zozketatuko dira. Animatu zaiztezte eta etorri ondo pasatzera!!!".

Kontukantoi taldea, lasartearra da. Ipuina, klowna eta ilustrazioa bateratzen dituzte, Buruntzaldean eskainitako saio eta ikastaroengatik jada ezagun egin diren Beatriz Egizabal eta bere bikote lagunak. Duela urtebete, euskararen transmisio mailan egiten duen ahaleginagatik, NOAUA!rako elkarrizketatu genuen Egizabal. Hauxe, bere jardunaren inguruan zioena: 


KONTU KONTARI, TRANSMISIO LANEAN
Ipuin kontalari ezaguna da Beatriz Egizabal lasartearra, Buruntzaldean. Ikastaroekin batera, batez ere haurrentzat eskaintzen ditu saioak, baina mundu hau helduena ere badela aldarrikatzen du. Eta helduak behar ditu ipuin kontaketak, askok dituzten seme-alaba txikiei Egizabalek dioen moduan, baloreak, euskara transmititzeko. Horretan urteak daramatza Beatrizek.

Lan gehiena haurrekin egiten duzue, baina baita helduekin ere?
Beatriz Egizabal. Hor dugu erronka, helduekin. Saioetara gerturatzen diren helduek sorpresa handia hartzen dute. Joaten dena oso harrituta gelditzen da, ez duelako espero saioak irauten duen ordu horretan egon zaitezkeenik pertsona bat zerbait kontatzen eta zu hain sartuta. Kuriositatea haurrek bai, baina helduek ere badute.

Gertatuko zitzaizun haurra laguntzera guraso bat joan eta emanaldian haurra baino gehiago inplikatzea?
B.E. Haurrak eta gurasoak inplikatzen direnean, saioak oso politak izaten dira. Aurreko batean, guraso bat ahoa heltzen zegoen, (barreari eusten) ze iruditzen zaielako ipuin saioa ez dela eurentzat eta bera oso ondo pasatzen ari zen. Baina ipuinak zelako grazia egiten zion, lotsa ematen zion adieraztea.

Kontatzen aritzea betidanik oso gustukoa izan duzu. Bizi estilotik ogibidea egin duzula esan liteke?
B.E. Bihurtu egin da. Atzera begira jarrita, neure bizitzan honetan ez dut kontzienteki bukatu. Beti berritsua izan naiz, gehiegi kontatzekoa. Ez nuen imajinatuko ordea, istorioak kontatzea ogibide izan zitekeenik. Duela urte asko, tabernan lagun bati esaten nion, imajinatzen duzu horrela hitz egiteagatik kobratzea? Berak asko marrazten zuen. Arrasaten lanean nenbilela ipuin kontalaritzako ikastaro bat egiteko aukera izan nuen. Geroztik saioekin hasi nintzen, gero Oihulari Klown konpainian sartzeko eskaintza jaso nuen. Gaur arte.

Adibide moduan, 2011n zenbat emanaldi eskaini dituzu?
B.E. Gutxienez, 669. Gehienak haurrei zuzenduak. 2003. urtetik, tabernan neurekin hitz egiten zuen lagun harekin, egun bikotea dudanarekin joaten naiz saioetara. Ilustratzailea da eta ipuin bakoitzeko marrazki handi bat egiten du. Hala, ipuinari irudia gehitzen diogu. Entzumena eta ikusmenarekin bat batekoa da emanaldia.

Zer kontatua izateko entzuten ere jakin beharko da. Kontalari ona izateko entzule hobea izan behar da?
B.E. Asko hitz egiten duten batzuekin gustura egon zaitezke, beste batzuk badira astunak direnak. Entzule parte horretan dago batzuen eta besteen arteko aldea. Batzuk entzun gabe hitz egiten dute, berdin zaio aurrean duenak zer nolako aurpegia jartzen duen. Entzuten jakin behar da, eta hori ez da bakarrik zer esaten den, guztia baizik. Eta entzule modura, kontrolatzen baduzu atseginagoa da saioa.

Zer kontatua izateko, belarria non jartzen duzu?
B.E. Istorio gehienak irakurritakoak dira, baina moldatuta. Neuretzat moldaketa horietan zer egiten den da garrantzitsua. Niretzat garrantzitsua da entzutea, inguruan zer gertatzen den sentsibilizazio edo kontzientziatze bat izateko moldaketa horiek egiterakoan. Adibidez, rol estereotipatuak aldatzeko. Niretzat ere garrantzitsua da neure ipuinekin zer mezu zabaltzen ditudan. Gaien inguruko ipuinak egiten ditugu. Haurrak konturatu gabe, aipatze hutsarekin zenbait gai landu eta normalizatze bidea egiten ditugu (dugu).

Euskararen normalizazioaz asko hitz egiten da. Ipuin kontalariok transmisio lan horretan ere baduzue ardura?
B.E. Berdina da, ipuinarekin batera dator euskara, euskaraz kontatzen ditugulako. Berez tresna bat da. Neuretzat helburua dibertimendua da. Umeek ez badute ondo pasatzen, ez badira dibertitzen, ondoren doazen beste helburu guztiak, ziurrenik ez dira beteko.

Euskararekin batera, zer da ipuin baten bidez transmititu dezakezuna?
B
.E. Emozioak, gizartearen balore nagusiak… Ipuinek hezten dute. Argi dago, batez ere ipuin klasikoek erantzunak ematen dizkietela umeen beldur askori. Gizartean dauden balore nagusiak atsegin ez dituzunean zer gertatzen da? Ibiliko dituzula ipuin batzuk hori zalantzan jartzen dutenak. Gero nahiz eta ipuina modu batean kontatu, haurrek beste modu desberdin batean jaso dezakete. Askotan ezer esan gabe asko esaten da.

“Oso datu gutxirekin izugarrizko istorioak muntatzen ditugu”

Zer aholkatuko zenioke, haurrari ipuin bat nola kontatu zalantzak dituen guraso horri?
B.E.
Helburua dibertimendua da. Orduan oso garrantzitsua da, gurasoak ere ondo pasatzea. Azkenean kontua da denbora hori umearekin partekatzea, ez izatea ipuinaren ordua, gurasoak ere gozatzea. Haur txikien kasuan, liburuak oso tresna lagungarriak dira, marrazkiak baitituzte. Noizean behin liburutegietara joatea ere aholkatuko nieke. Eta asmatzera animatu nahi nituzke gurasoak, sormena erabiltzera.

Askotan ez da erraza ordea?
B.E. Gaitasuna denok dugu. Oso datu gutxirekin izugarrizko istorioak muntatzen ditugu. Iruditzen zaizkigu gainera logikoak direla, edo bestela logiko egiten ditugu. Sormena soberan dugu. Baina gertatzen dena da, batzutan epaituak sentitzen garela. Adibide argia da, aiton amonena. Gurasoak ez daudenean, aiton amonak txikiekin askatasun osoz sentitzen dira. Gurasoen kasuan, denbora da arazoa.

Buruntzaldean eskaintzen dituzun ikastaroetatik, guraso batek baino gehiagok ezagutzen zaitu. Zergatik izan litezke interesgarriak halako saioak?
B.E. Esperientzia dut, jendeak ondo pasatzen duela. Sormena bideratzen laguntzeko teknika batzuk ikasten dira, bibliografia bat ematen diegu. Gurasoak konturatzen dira, ipuinekin gauza asko aldatu daitezkeela. Eta batez ere ondo pasa daitekeela.