Xabier Miguel Ezkerra, iheslarien kolektiboko mintzaidetza taldean

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 12a, 00:00

Euskal iheslari politikoen kolektiboak denbora luzez eginiko barne eztabaida prozesuaren emaitza aurkeztu dute gaur, Baionan egin berri duen agerraldian. Historikotzat jo duten emaitza, aipatu kolektiboak lehen aldiz mintzaidetza taldea duelako. Mintzaidetza taldeko ordezkarien artean da, Xabier Miguel Ezkerra. Eta harekin batera: Tomas Linaza (Cabo Verde), Alfontso Etxegarai (Sao Tome), Raquel Garcia (Belgika), Josu Lariz (Uruguai), Josu Txutxo Abrisketa (Kuba), Eloi Uriarte, Lurdes Mendinueta, Jokin Aranalde, Jon Irazola, Oxel Azkarate, Jon Garmendia Txuria, Xabier Arin eta Idoia Espias (Ipar Euskal Herria).  Gainera, konponbiderako osatu duten bide orria mahai gainean jarriko dutela iragarri dute. 

Espainiar eta frantziar estatuei iheslariekin biltzea eskatu diete hedabideak berri ematen ari direnez, "Euskal Herriak pairatzen duen arazo politikoari konponbidea aurkitu eta, ildo horretan, iheslarien beren egoerari aterabidea atzemateko". 

Larunbatean, Miarritzen izango dira
Bide batez, larunbatean Miarritzen antolatua dagoen "Elkartasun Hatsa" ekimenari sostengua adierazi diote. Herritarrak bertara joatera deitzen dituzte. Ez hori bakarrik, Miarritzeko Irati aretoan, ekitaldi gunean bertan izango direla iragarri dute. Eta Euskal Herrian zabalik den prozesuari egiten dioten ekarpenaren berri emango dutela.

Iheslari eta Deportatu Politikoen Kolektiboari babesa adierazi eta “gatazkaren konponbidean ekarpen politikoa” egin dezan, antolatu dute Elkartasun Hatsa larunbat honetarako, ekainaren 15erako, Miarritzeko Irati erakustazokan. Egun osoan zehar animazioa, herri bazkaria edota kontzertuak izango dira. Baina larunbateko hitzordu nagusia, goizeko 11:30etarako iragarri dute. Ekitaldi politikoa burutuko da. 

Iheslarien kolektiboan bada usurbildar bat; Xabier Miguel Ezkerra. Ekainaren 14ko astekari honetan berari eginiko elkarrizketa argitaratuko dugu.

Autobusa
Larunbatean Usurbildik Miarritzera, joateko autobusa antolatu dute. Izen emateko zerrendak Aitzaga, Txiriboga, Irrati eta Bordatxo tabernetan jarriak egongo dira, ostegunera arte. Autobusa larunbat goizeko 10:00etan irtengo da, Bordatxo ondoko errotondatik. Miarritzera helduta, egun osoko egitaraua antolatu dute bertan:

Egun osoan zehar, animazioa, txoznak, jatekoa (taloak, paella, ogitartekoak), haurren txokoa (pailazoak, puzgarriak, apar festa -ekarri bainu jantzia-...), erakusketak...
11:30 Ekitaldi politikoa.
13:30 Herri bazkaria (Prezioa: 20 euro bertan).
Ondoren, kantaldia.
19:00 Kontzertuak (doan): Gatibu, Gose, Iheskide eta Ze Esatek!
Informazio gehiago: herriaduguarnas.org