Motozaleen janari bilketa kanpaina, azkenetan

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 13a, 00:00

Beharra dutenen alde eta gosearen aurka, Gipuzkoako Motozaleen Elkartekoek antolaturiko janari bilketa kanpaina azkenetan da. Elikagaiak jasotzeko udalean eta Oiardo Kiroldegian jarri dituzten kaxak bihar arte egongo dira. Bertan galkorrak ez diren elikagaiak utzi daitezke. Modu honetan, behar dutenei elkartasuna adierazi nahi diete ekimen honen bidez. “Hau ez da bereziki norbaitengatik egiten, lagun, familia nahiz ezezagunengatik baizik, batez ere garbi ikus dadin, egunetik egunera jende gehiago batzen duen borroka honetan, batera gaudela”, diote motozaleek.

Elkartasun ekimen honetan parte hartzera deitzen dute motozaleek. “Zuen guztion laguntza eskatzen dugu ideia hau aurrera eraman ahal izateko, ez baitugu diru edo ospe bila egiten, denok hain beharrezkoa dugun janaria ez daukaten haur, heldu nahiz adinduengatik baizik”, berri eman dute. Horregatik, erosketak egiterakoan deialdi hau aintzakotzat hartzeko gonbita luzatzen diete herritarrei. “Erosketak egiterakoan gogoan hartu, beharrean dagoen jendea, eta janari kilo bat eman ezazu haientzat”, eskatzen dute motozaleek. Antzeko bilketak egiten ari dira Gipuzkoako beste udalerrietan, baita Euskal Herriko beste hainbat txokoetan. Bildutako laguntza guztia, Gipuzkoako janari bankuari emango zaio ekainaren 16an, Azpeitian ospatuko den ekitaldian.