Usurbil, Aginaga eta Zubietako garraio zerbitzua indartuko dute

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 13a, 00:00

Usurbilgo Udaletik eginiko eskaerei erantzunez, eta oro har, herrialde mailako mugikortasuna hobetu asmoz, garraio publikoa indartzeko konpromisoa adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Konpromisoa, egitasmo zehatzetan gauzatuko du gainera, epe motzera. Ildo honetan, zortzi zerbitzu berri txertatuko ditu Aldundiak. 2.595.000 euro bideratu dituzte egitasmo honetara. Zerbitzu berriotatik bat, Euskotreni loturikoa, irailean jarriko dute martxan. Beste zazpiak, hiru aste barru, uztailaren 1etik aurrera. Hauen artean, "egungo bi zerbitzu birmoldatuta ondoko bi lineak jartzen dira martxan; Usurbil-Oria-Lasarte-Ospitalak eta Usurbil-Zubieta-Lasarte-Urbil-Hernani":

-Usurbil-Oria-Lasarte-Ospitalak: ospitaleetara doan zerbitzu hau egunean sei aldiz Aginagaraino helduko da aurrerantzean, Usurbilgo Udaletik eginiko eskaerari erantzunez. 
 
-Usurbil-Zubieta-Lasarte-Urbil-Hernani: lehen baino bi aldiz gehiago igaroko da zerbitzu hau Zubietatik. Ospitalera joan nahi duten zubietarrek bestalde, Lasarten egin beharko dute transbordoa, eta aurrerantzean Aginaga ospitaleekin lotuko duen beste zerbitzuko autobusa hartu. Beste aldaketa bat; lehen Usurbil eta Astigarraga lotzen zituen zerbitzu hau, uztailaren 1etik aurrera Hernanin amaituko da. Astigarragaraino joan nahi duenak, Hernanin bertan egin beharko du transbordoa. Erraz, 15 minuturo baitaude Astigarraga aldera joateko autobusak. 

Zerbitzuon ordutegiak kontsultatzeko: www.lurraldebus.com