"Militantzia politikoa zigortzea bilatzen du auzi berri honekin"

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 14a, 00:00

Duela zazpi urte Aitzagaren itxiera salatu zuten gune berean bildu ziren atzo, Aitzaga Elkarteko kide eta herritarrak, Irazu kaleko taberna atarian. Urriaren 17an Madrilgo Auzitegi Nazional espainiarrean ezker abertzaleko 40 kideren eta 90 bat herriko taberna eta elkarteren aurka abiatuko den epaiketaren harira, agerraldia burutu zuten. Epaituko dituzten bilguneen artean baita, Aitzaga bera. Azaroaren 26an deitu dute deklaratzera.

Auzi honekin, militantzia politikoa zigortzea bilatzen dutela adierazi zuten, "herritar asko kriminalizatu nahi ditu bidebatez". Gatazka konpontzeko eskaeren aurrean, estatu espainiar eta frantziarrak bakea eraikitzeko prozesua erasotzea dutela helburu salatu zuten. Eta horretarako, "errepresioa, jazarpena, espetxea..." baliatzen dituztela erantzun gisa. 

Bide batez, egunotan Urnietan eta Andoainen izan diren atxiloketak ere ahotan hartu zituzten Aitzagako kideek. Nazioarteko hainbat erakundeek eginiko gomendioen aurka, espetxeratu artean inkomunikaturik izan dituztela salatu zuten. 

Urrian abiatuko den epaiketaren harira, hainbat ekimen eta mobilizazio deituko dira datozen hilabeteotan. Herritarrak hitzorduotan parte hartzera deitu zituzten. 

Honatx, Aitzagako kideek irakurri zuten adierazpena, bere osotasunean:


"KONPONBIDEARI ERASORIK EZ, UTZI BAKEAN AITZAGA, UTZI BAKEAN EUSKAL HERRIA"
Duela egun batzuk jakin dugu datorren urriaren 17an abiatuko dela Entzutegi Nazional espainiarrean 35/02 sumarioaren epaiketa. Auzi horretan, ezker abertzaleko 40 kide epaituko dituzte Ezker Abertzalearen baitan garaturiko lan politikoarengatik. Era berean, 90 herriko taberna eta elkarte inguru daude ere auzibidean, tartean gurea.

Hamabi urteko instrukzio korapilatsuaren ostean, berriro ere makroepaiketa politiko baten atarian gaude. Ez da Euskal Herrian ezta Usurbilen bertan ere ezagutu dugun lehena. Azkena izango ote da! Hori litzateke gure nahiarik behinena.

Alabaina, argi dago estatu espainiarrak ez duela asmo bera. Militantzia politikoa zigortzea bilatzen du auzi berri honekin. Are, ideia jakin batzuen alde dihardugun herritar asko kriminalizatu nahi ditu bidebatez. Euskal Herri aske, euskalduna, herritarra, partehartzailea, justuagoa, berdintasunean oinarritutakoa nahi dugunok urteetan, guztion ahaleginari esker, eraiki ditugun elkarte eta txokoak ditu jomuga.

Aitzaga azaroaren 26an deitu dute Madrilera galdezkatua izateko. Zer erantzungo diegu, bada? Begi bistan dagoena, besterik ez. Gure elkarteak guk geuk, gure xoxekin, gure lanarekin, elkarlanean sortu dugula. Ezkerreko abertzaleen bilgune izateaz gain, herriko gainerako elkarte, talde eta herritarrei oro har, beti ateak ireki dizkiola eta Usurbilgo dinamika sozial eta kulturalean txertatua dagoela erabat. Irekitasun hori zigortzeko Entzutegi Nazional berak sei urtez gure ateak giltzapean izan dituela ere gogoratu beharko al diegu?

Hori guztia esango diegu baina, tamalez, ez dugu uste adituko gaituztenik. Epaiketa hau eta pendiente dauden beste hainbat bertan behera utzi beharrean, Euskal Herriak ozenki eskatzen duen konponbideari entzungogor segitzen baitu. Errepresioa, jazarpena, espetxea... hori da Madril eta Parisen erantzuna. Guztia helburu garbi batekin: Euskal Herrian irekitako agertoki berria erasotzea; bakea eraikitzeko prozesuari eraso egitea. 

Epaiketa abiatzeko Entzutegi Nazionalak aukeratutako data ere ez da kasualitatea: Aieten buruturiko Nazioarteko Konferentziaren bigarren urteurrenean hasiko da. Blokeoa eta inboluzioaren agenda ipini dute martxan bakearen beldur direlako, jakin badakitelako, beste eszenatokia irekiko litzatekeela, non euskal herritarrok hitza eta erabakia hartuko genuen eta ez, presixoki, bi estatuen uztarpean segitzeko. Horregatik betikotu nahi du PPk gatazka, beren proiektu politiko espainola inposatzen segitzeko eta ezker independentistari bideak ixteko.

Euskal Herrian irekitako agertoki berriaren aurrean bakearen etsaiek harturiko jarreraren beste erakusle dira aste honetan Andoainen eta Urnietan izandako atxiloketak. Bakea eraikitzeko prozesua erasotzea bilatzen du PPren gobernuak aurrez prestaturiko atxiloketokin. Gainera, bertako kolektibo eta erakundeek zein nazioartean NBEk eta Amnesty International bezalakoek gomendatutakoaren aurka, inkomunikaturik eduki dituzte espetxeratuak izan bitartean.

Alta, Estatuen itxikeria ankerrari guk, bake justuaren eta askatasunaren alde gauden Aitzagakideok eta usurbildarrok oro har, neurriko erantzuna emango diegu. Konponbide demokratikoaren bidea urratzen segituko dugu, gure burkideak sostengatzen, gure lokalak defendatzen. Eta bide horretan, ezinbestekoa izango da ere kalera atera eta mobilizatzea, konponbidearen alde indarrak metatzea.

Datozen hilabeteotan, beraz, herriz herri zein nazio mailan burutuko diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera animatzen zaituztegu. Horrela bada, indarrak, konpromisoak eta ahaleginak biderkatzeko deia luzatzen dizuegu. Borrokaz egin du gure herriak aurrera eta borroka eta lanaz eskuratuko dugu bakea eta askatasuna.

Gora Aitzaga!
Gora herriaren batasuna!
Gora Euskal Herria askatuta!