Bazkideei zuzenduriko festa mundiala iragarri dute Bihurri haur ludotekakoek, ostiral honetarako, ekainaren 14rako. Arratsalde pasa, 17:00etan abiatuko dute, Kontukantoi taldekoen saioarekin. Eta ondoren, "merendola goxo goxoa eta opariak zozketatuko dira. Animatu zaitezte eta etorri ondo pasatzera!!!".
AGINAGAKO TXOKOAK
Ostiral honetan, ekainaren 14an itxiko dute bestalde, San Praixku Guraso Elkarteak uztailerako Aginagan antolatu dituen txokoak. Hona hemen, ekimen honen inguruko argibide gehiago:
Epea: uztailaren 1etik 30era.
Izen ematea: hilabete osorako edo hilabete erdirako apuntatzeko aukera ekainaren 14ra arte, 637 332 402 telefono zenbakian.
Prezioa: Aginagako eskolako ikasleentzat 55 euro hilabete osoa, 30 euro hilabete erdia. Aginagako eskolako ikasle ez direnentzat, 90 euro hilabete osoa, 55 euro hilabete erdia.
Antolatzailea: San Praixku Guraso Elkartea.
ZIORTZAKO KANPALDIA
Sare sozialen bidez, Twitterretik zabaldu dute deialdia Ziortzakoek. Udan, Peñaloscintosen (Errioxa) antolatu duten kanpaldia muntatzera joateko eguna jarri dute jada. Ekainaren 22an izango da, larunbatez. Uztailerako Usurbilgo haur eta gaztetxoen aisialdi gunea izango dena prestatzen laguntzeko gonbita luzatzen diete herritarrei. Interesdunek email bat idatzi besterik ez dute, ziortzage@gmail.com helbidera.
KIROLDEGIKO UDAKO ESKAINTZA
Udan ere, kirolaz gozatzeko aukera eskainiko du aurten Oiardo Kiroldegiak. “Kirolarekin jolasean” ekimena antolatu dute, 8-10 urte artekoentzat. Goizez eta hiru orduetarako; 10:00etatik 13:00etara. Hondartzara, mendira bizikleta gainean, igerilekuetara irteerak egiteko aukera egongo da. Eta herrian bertan, kirol jarduera desberdinak: pilota, waterpolo, saskibaloia, herri kirolak… Eta baita ur jolasak, brilet, altxorraren bila, ginkana…Oiardo Kiroldegian edo kalean egingo diren ekintza guztiotaz gozatzeko, bi asteko iraupena izango duten bina txanda antolatu dituzte. Lehenengoa, uztailaren 1etik 16ra; bigarrena, uztailaren 17tik 30era. Prezioa: abonatuak direnentzat; 106 euro. Udako ekimen honetan izen emateko epea zabalik, ekainaren 23ra arte, Oiardo Kiroldegian.
Helduentzako ere udako eskaintza
Igerilekuan ere ikastaroak izango dira uztailean; hastapen eta hobekuntzakoak helduentzat, eta baita haurtxoentzat zein 3-7 urte artekoei zuzendurikoak ere. Uretatik kanpo, lehorrean, spinning, gimnasia, yoga, zumba, pilates, aerobik, jubilatuentzako saioak… Ikastaro hauen ordutegien eta gainerako zehaztasunen inguruko informazio gehiago, baita izen emateko ere, Oiardo Kiroldegian bertan edo 943 372 498 telefono zenbakian.