Haurrak jaun eta jabe igandean, Kalezarko jaietan

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 14a, 00:00

Igandean berriz, protagonismo osoa, haurrek bereganatuko dute. Txikiei zuzenduriko aparteko festa egunarentzat beti gorde ohi dute lekua auzoetako jai batzordeek. San Juanetako Umeen Eguna, aipatu moduan, ekainaren 16 honetan ospatuko da Kalezarren. Bazkaltzeko tartea baino ez dute izango, gainerakoan, egun osorako agenda bete hitzordu izango dute gaztetxoek. Eguna hasteko krosa eta denetariko jolasak. Arratsaldean, ekitaldi lasaixeagoak tailer eta txokolate janarekin. Bapo askaldu eta indarberritu ostean, berriz ere martxa gaztetxoentzat. Buruhandiak irtengo baitira eurak harrapatzera. Eta gero bai, haur, guraso, eta Kalezarrera igo edo auzora jaitsiko den herritar ororentzat dantzarako giroa jarriko du DJ Burundak.

Oilasko biltzaileen bazkarirako txartelak salgai
Kalezarko Jai Batzordetik berri eman dutenez, San Juanetako bigarren asteburuan, ekainaren 22an ospatuko den Oilasko Biltzaileen Eguneko bazkaritarako txartelak, igande honetan, ekainaren 16an salgai jarriko dituzte, Kalezarko jai gunean bertan. Otordura joan asmo duenak beraz, bost egun barru eskuratu beharko ditu. Aurten, oilasko biltzaile txikien irteera ospatuko da soilik. Hilaren 22an aipatu moduan, eta gero bazkaritarako bilduko dira Kalezarren. Antolatzaileek ohartarazia dutenez, mahai tresnak norberak etxetik eraman beharko ditu. 

Ekainak 16, igandea: Umeen Eguna
10:00
 XI. Ume Krosa.
11:30 Jolasak.
16:30 Tailerrak.
18:00 Txokolatada.
Ondoren, buruhandiak.
19:00 DJ Burundarekin dantzaldia.

Antolatzailea: Kalezarko Jai Batzordea.