Auzotarren arteko jokoak eta bertso saioa bihar, San Juanak abiatzeko

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 14a, 00:00

Badatoz denboraldiko lehen jaiak, Kalezarko San Juanak. Larunbat honetan, ekainaren 15ean abiatuko dira. Buruhandiekin izango da. Gaztetxoak lasterka egiteko oinetako erosoak jantzita gerturatu beharko dute Kalezarrera. Helduxeagoek artean, beroketei ekin beharko diote. Lagun arteko saioa izan arren, txantxa gutxi izaten baita urteroko auzotarren arteko jokoetan. Besteren artean, herri kirolen barruan sartzen diren hainbat proba jarri izan dizkie antolakuntzak aurreko urteetan. Jarduerok aurten errepikatzen badira, lokotsak biltzen, zaku lasterketan eta antzekoetan ziur, gogotik ahaleginduko dira. Hala izango dela frogatu nahi duenak, larunbat arratsaldeko 19:00etan auzoko festa gunean bihurtzen den plazara gertura dadila. Gonbita luzatua dute Jai Batzordekoek.

Baita lehen jai eguna borobiltzeko antolatu duten bertso saiora ere. Hiru aurpegi ezagun nor baino nor ariko dira, San Juanei doinua eta errima jartzen; Amaia Agirre, Sebastian Lizaso eta Anjel Mari Peñagarikano. Zeresana emango dute, larunbat afalostean ospatuko den ekitaldian.

Hauexek beraz, San Juanetako lehen egunerako hitzorduak: 

Ekainak 15, larunbata
18:00
 Buruhandiak.
19:00 Auzotarren arteko jokoak.
22:30 Bertso saioa, Sebastian Lizaso, Anjel Mari Peñagarikano eta Amaia Agirreren eskutik.

Antolatzailea: Kalezarko Jai Batzordea.