Egun gutxi geratzen dira jada 2013ko Santixabeletarako. Are gutxiago ordea, datozen herriko festetan izango ditugun ospakizunen berri izateko. Azken orduko aldaketarik ez bada, Usurbilgo Udala asteburu honetan banatzekoa da Santixabeletako egitaraua. Diseinua, Arantxa Zulaika lasartearrak sorturikoa da. Berak irabazi du aurtengo egitarau diseinu lehiaketa.
Gogoan izan, ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko dira aurtengo Usurbilgo jaiak. Txupinazoa hilabete honetako azken ostiral arratsaldean jaurtiko dute. Azken traka berriz, Santixabel gauean. Tartean, denetariko ekitaldiek tartea izango duten parranda eta algararako bost egun. Ekitaldien artean bada nobedaderik aurten. Baina berrikuntzen artean azpimarratzekoa, ohiko hainbat hitzorduk aurtengoan izango duten egun edo ordu aldaketa.
Prestatu jaietarako zapia
Gainerakoan, jai guneak ohikoak izango dira; kontzertu, Haurren Eguna, eta beste hainbat ekitaldi burutuko diren frontoi ingurua batetik. Txosnen kokagune izango den Askatasuna plaza bestalde. Bertan, gazte mugimenduak izan duen aldaketaren isla, aurten, lau eragileek elkarlanean antolatu dute, txosna guneko egitaraua; Itayak, Ernaik, Usurbilgo Gaztetxeak eta Akerra Gaztetxeak. Bost egunetarako ekitaldi eskaintza zabala prestatu dute. Musika, txapelketa originalak, hainbat otordu...
Hamaika egun baino ez dira geratzen jaiak hasteko. Armairutik jaietarako zapia atera eta prestatzen joan. Zapia bai, Santo Tomas, Santa Ageda eta bestelako hainbat ospakizunetan erabiltzen duzuen betiko zapi koadrodun hori. Iaz bezala, Jai Batzordetik zapia jantzi eta festa giroan murgiltzera deitzen dituzte herritarrak. Santixabelen berri, asteburuan Udalak banatuko duen egitarauan, eta ekainaren 28ko NOAUA!rekin batera kaleratuko dugun festetako gehigarri berezian.