Usurbil Cupetik Klubaren Egunera, ospakizun betean da Usurbil FT

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 17a, 00:00

Haurren aurpegietan emozioa, ilusioa, poza... Halako hitzekin definitu liteke, Usurbil FT-k urte garai honetan antolatzen duen Usurbil Cup txapelketako final saioen eguna eta sari banaketa. Larunbat arratsaldean ospatu zen, 2013ko edizio amaiera. Haur eta gurasoz bete zen frontoia. Pentsa, inoiz baino gehiago, 6-12 urte arteko hirurehunetik gora haur eta gaztetxok emana baitzuten izena kirol ekimen honetarako.

Pilotalekuan bildu eta antolatzaileek emandako sariak jaso zituzten guztiek, bertaratutakoen txalo eta argazkilarien "flash" artean. Ekitaldia borobiltzeko, "familia" argazkia atera zuten, Mikel Laboa plazan, Zumetaren mural parean. Antolatzaileek eskerrak helarazi zizkieten, modu batean edo bestean, Usurbil Cup gauzatzen lagundu duten guztiei. 

Usurbil Cup-eko sari banaketako argazkiak egunotan zintzilikatuko ditugu, web orrialde honetako "Argazkitegia" atalean.  

FUTBOL TALDEAREN EGUNA LARUNBATEAN
Usurbil Cup amaitu arren, ez dira ikasturte amaierako Usurbil FT-koen lanak amaitu. Oraingoan ere, jokalari, entrenatzaile eta zuzendaritzako kideek jai giroan agurtu nahi dute 2012-2013 denboraldia. Horregatik, larunbaterako, ekainaren 22rako, Futbol Taldearen Eguna antolatu dute. Goizetik goizaldera, jolasak, futbol neurketak, afaria eta parranda iragarri dituzte. Hauxe, Usurbil FT-tik bidali diguten egitaraua:
10:30 Futbol Eskolako eta alebinetako jokalariekin jolasak herrian zehar.
13:30-14:00 inguruan, Askatasuna plazan bazkaria.
15:30 Umeak jasotzeko ordua.
18:00 Zuzendaritza vs beteranoen partidua (neskena ez da aurrera atera).
19:30 Triki poteoa Artzabalen hasita (Artzabal, Bordatxo, Irrati, Txiriboga, Benta).
21:30 Jokalari, entrenatzaile eta zuzendaritzaren afaria Askatasuna plazan.
Gero, etxera edo Kalexarrera jejejje!

Antolatzailea:
Usurbil FT.


NESKEN FUTBOL TALDEA OSATZEKO BILERA
2013-2014 denboraldirako 16 urtetik (hauek barne) gorako nesken taldea osatzeko bilera deitu du Usurbil FT-k, ekainaren 26rako 19:30etan Haranen. Hitzordura agertzeko deia egin dute antolatzaileek. “Bertaratzen direnen arabera erabakiko dugu taldea osatzen den edo ez. Gutxienez, 18 neskek azaldu beharko lukete taldea osatzeko, bestela ez baitugu nahiko jende izango”, ohartarazi dute Usurbil FT-tik. Bilera deialdi bakarra izango denez, “benetan interesa duenak, esfortzu bat egin dezala bertaratzeko. Horixe ba, animatu daitezela!!”.