Hiri hondakinen alorrean, konpromiso etikoa hartzeko eskaera Udalari

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 17a, 00:00

Gaur zortzi, hileroko azken asteartero bezala, osoko ohiko bilkura eguna izango da, ekainaren 25ean. Hitzordu horri begira, mozioa aurkeztu du Usurbil Zero Zabor taldeak, aipatu bilkuran aukeztu, udal ordezkariek aztertu eta bozka dezaten. Aurrerapen gisa aipatu daiteke, testuan, Usurbilgo Udalak hiri hondakinen alorrean konpromiso etikoa berea egitea eskatzen dela, "usurbildarron errefusa jasotzeko zabortegiak dituzten herrietako biztanleei ahalik eta kalterik txikiena eragiteko". Konpromiso etiko hori bete ahal izateko ere hainbat neurri proposatzen ditu Usurbil Zero Zabor taldeak. 

Ehunka lagun, erraustegia bertan behera uztea eskatzen
Gipuzkoa zero zabor lurraldea izan dadin, beharrezko neurriak hartzeko inoiz baino gehiago ahalegintzea eta errauste planta egitasmoa behingoz bertan behera uztea. Bi eskaerok ozen entzun ziren beste behin, errausketaren aurka larunbatean Donostian burutu zen manifestazioan. Antolatzaileek (Eguzki, Ekologistak Martxan, Greenpeace, CCOO, ESK, STEE-EILAS, Ezker Anitza, Ezker Batua, Erabaki, Gorripideak eta Sortu), hondakinen kudeaketaren gaiak konpontzeke jarraitzen duela gogorarazi zuten. Bide horretan, oraindik egiteko asko dagoela diote; udalerri askotan, birziklatze emaitza onenak ematen dituzten bilketa sistemak abiatzea adibidez. Aipatu bide horretan, gipuzkoarrak bakarrik ez daudela diote. "Europak Gipuzkoa egiten ari den lana onartu eta babesten du", zioten larunbatean, manifestaldiko deitzaileek.