Lehen lan ildoak zehaztu ditu Hezkuntza Mahaiak

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 18a, 00:00

Ikasturtea parte hartze prozesu batekin abiatu zuten, eta ikasturte bera, sektoreko mahaia osatuz borobildu dute. Usurbilgo etorkizuneko hezkuntza eredua hileotako mintzagai nagusietako bat izan da herrian. Hainbat eragile, herritar bildu ziren urritik otsailera Potxoenean burutu zen lanketa prozesuan.

Aipatu moduan, parte hartzea bultzatu duen egitasmo honek eman du emaitzarik; ondoko argazkian dituzuen kideez osaturiko Hezkuntza Mahaia osatu da Usurbilen. Usurbilgo Udaleko hezkuntza alorreko ordezkari politiko eta teknikariak, Udarregi Ikastolako bi gurasok eta ziklo bakoitzeko irakasleek (HH-ko bat, eta LH eta DBH-ko bina), eta Aginaga eta Zubietako Herri Ikastetxeetako irakasle eta guraso batek osatuko dute. Hezkuntza Mahaian parte hartu ahal izango dute baita ikasle ohiek, interesa agertzen duen herritar orok, edota “gaiak horrela eskatzen duenean, beste eragile batzuk deituko dira; hezkuntza ez formalekoak, HLPP, Lanbide Heziketa…”.

Mahaia osatu da bai, nahiz aipatu moduan, herritar eta eragile gehiagorentzat lekua duten bertan. Bilgunera gerturatu nahi dutenentzat, Hezkuntza Mahaia konpromisoan oinarritua egongo dela gogorarazten dute, “horrela gutxienik ikasturterako ordezkaritza hartuko du bere gain”. Hezkuntza Mahaia, hasiera batean hilean behin biltzekoa da. Halere, beharren arabera aurrerago maiztasuna finkatu dezakete.

Parte hartzea sustatu eta harreman sarea osatzea
Hezkuntza Mahaiko kideen egitekoak ere zehaztuak dituzte: besteren artean, mahaiaren osaketa, karguak, funtzionamendu arauak, lanketarako gaiak edota lehentasunak finkatu edo onartzea.

Guztia, hainbat helburu betetzeko; nagusiki, herri hezkuntzaren proiektua gauzatzea, lan estrategi eta era bateratuak landuz. Baina badituzte esku artean, beste hainbat erronka ere; eragileen arteko harremanak sendotu eta eragileen sarea eratzea, ikastetxeetako esperientzien ezagutza eta elkar trukaketa bultzatzea; usurbildarrentzat Usurbildik egindako hezkuntza proiektua osatzea; kezka, ekarpen eta bestelakoak jasotzeko gune bat egituratzea; esku hartze modu berriak diseinatzea; edota, tokiko hezkuntza eragileen eta hezkuntza komunitateko kideen parte hartzea sustatzea, “bereziki ikasleen ahotsa kontutan hartzeko bideak landuko dira”.

Mahaia osatzearekin batera, 2013-2014 ikasturterako lehen lan ildoak ere zehaztuak dituzte jada. Bilgunetik berri eman dutenez “parte hartze prozesuan zehar ateratako gai zerrendatik” hautatu dute, irailetik aurrera landu asmo duten lehen gaia: “eskola, ziklo eta etapa aldaketak, ikastetxe batetik besterako trantsizioak”. Hezkuntza Mahaiko kide guztiak inplikatzen dituen gaia da hau, eta bertatik berri eman dutenez, “denek ondo ikusi dute lehentasuna bertan jartzea”.