Udarregi Ikastolakoak, oporren atarian

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 18a, 00:00

Ostiral honetan, ekainaren 21ean amaituko dute 2012-2013 ikasturtea Udarregi Ikastolakoek. Oporretarako egun gutxi geratzen diren honetan, zenbait ohar helarazi dituzte web orri bidez:

GOIZEKO ZAINTZA
2013-14 urterako prestakizunak abian dituzte Udarregi Ikastolakoek. Tartean, irailetik aurrera, "Goizeko Zaintza" zerbitzua eskaini asmo dute Agerialden, goizeko 8:00etatik 9:00etara. Interesdunek, izen emateko epea irekita dute ekainaren 20ra arte. Apuntatzeko, ikastolako idazkaritzara jo behar da. Epea igarota taldea osatu bada, ez da ikasle gehiago onartuko. Zerbitzuaren kostua, erabiltzaile kopuruaren arabera zehaztuko da. Argibide gehiago, 943 361 216 telefono zenbakian.

"JANGELA IREKIA"
Ikasturtea amaituko duten egunean, ekainaren 21ean "Jangela Irekia" izeneko ekimena antolatu dute Udarregi Ikastolan. Helburua, "bazkaldarren familiei zerbitzuaren funtzionamendua erakustea, hurbiltzea eta zer bazkaltzen den erakustea da besteak beste. Bazkaldar bakoitzeko bi senitartekok etorri ahal izango dute bazkaltzera jangelara egun horretan, dohainik". Ekimenean parte hartzeko asmoa dutenek, aldez aurretik eman beharko dute izena Udarregi Ikastolako idazkaritzan.

TOLOSAKO KILOMETROAK LAGUNTZEKO DEIA
Urriko lehen igandean Tolosan ospatuko den Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdia laguntzeko, "Klikmetroak" egitasmoan parte hartzera deitzen dute Udarregitik. "Klikmetroak egitasmoak bi atal ditu: batetik, zirkuitu birtualean, norbanakoak metro bat egiten du mezu bat idatziz. Bestetik, norbanakoek egin dituzten metroei babesleak aurkitzen zaizkie, hau da, komertzio, enpresa,… batek ordaindu egiten du, zirkuitu birtual horretan norbanakoek egin dituzten metroen babesle moduan agertzeko. Beraz, Klikmetroak bi zutabetan oinarritzen da, NORBANAKOAK eta BABESLEAK. Zuengana, NORBANAKOAK izan zaitezten eskatuz zuzentzen gara. Ikastolari bi aste hauetan tokatzen zaio ahalik eta norbanako gehien egitea, eta horretan denon laguntza behar dugu. Bai ikastolako ikasleena, langileena eta baita, zuena, gurasoena ere", deitzen dute. 

Aurtengo zirkuituak 7000 metro izango ditu. "Beraz, gutxienez horrenbeste norbanako behar ditugu. Ea denon artean bultzada sendo bat ematen diogun Klikmetroak egitasmoari", adierazi dute Udarregitik. Informazio gehiago: klikmetroak.kilometroak.net/metroa/klik