Australiara doaz Garazi Iturralde eta Xabier Olano, munduko garaipen berriaren bila

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 19a, 00:00

Uztailaren 9tik 21era, kayak surfeko munduko txapelketa ospatuko da Australiako Sunshine kostaldean, Queensland inguruan. Laster, bertara doa, 2011n munduko garaile amaitu zuen Euskal Herriko ordezkaritza bat ere. Hamar kirolari, eta haien artean bi herritar; Garazi Iturralde zubietarra eta Xabier Olano usurbildarra. Parte hartzaileek adierazi dutenez, “berriro ere, euskal talde sendoa osatu da, indartsua. Urtean zehar ospatutako txapelketen emaitzetatik osatua, beraz, urte osoko eta aurreko denboraldiko kirolari osatuenek borrokatuko dute munduko beste herrialdeen aurka”.

Bidaiarako azken prestaketa lanetan murgilduak dabiltza, bi aste baino ez zaizkie falta eta, Australia alderako hegazkinera igotzeko, eta aipatu dutenez,  “gure hoberena emateko”. “Azken mundialetik lanean aritu gara, aurten berriz ere Munduko Txapelketara joan ahal izateko, gure maila erakusteko, dirua ateratzen: kamisetak, errifak, kilometroetan, estropadetan postuak jarriz... Aurrekontu altu bat suposatzen zuen talde oso bat eramateko, baina gogoz aritu gara lanean, nahiz eta gure kirolak mundu mailan mantentzearen ilusioan trabak baino ez dauden”, adierazi dute.

Laguntza eskaini dietenak eskertu nahi dituzte. Lagun, familia eta inguruko guztiak, baita erakundeen arloan, “Usurbilgo Udala, Real Club Nautiko San Sebastian; Vicinay Cadenas; Eusko Jaurlaritza; Euskal Herriko Kanoe Federakuntza…”.

Kayak taldekoen hurrengo albistea, Australiatik zuzenean jasoko dugu. Hauexek dira, munduko kayak surf txapelketan parte hartuko duten euskaldunak:

PARTAIDEAK
Seniorrak:
Edu Etxeberria, Urko Otxoa, Xabier Olano eta Julen Arrizabalaga (azken Munduko Txapelketako garaile, junior mailan).

Masterrak:
Oskar Martinez eta Txema Karreto.

Damak:
Ainhoa Tolosa eta Garazi Iturralde

Juniorrak:
Odei Etxeberria eta Teresa Carranza (kide berriak).

Euren berri:
http://ehkss.blogspot.com.es/  ( Guk sortutako orrialdea, urte guztiko informazioarekin)

http://kayaksurf.net/  ( munduko Kayak Surfeko informazioa)

Facebookean Surf Kayak World Championship 2013 orrialdea

Irudia: Kayak surf taldea.