Eskubaloi Elkartearen Eguna larunbatean, denboraldia agurtzeko

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 19a, 00:00

Amaierara heldu den kirol urtea agurtzeko Eskubaloi Elkartearen Eguna antolatu dute larunbat honetarako, ekainaren 22rako. Eskubaloi partidak jokatuko dira egunean zehar. Gero, zuzendaritza, entrenatzaile, jokalari eta gainerakoak, otordu baten bueltan bilduko dira jai giroan. 

Larunbaterako antolakuntzatik helarazi dituzten zenbait ohar. Lehenik, “taldeen osaketarako, parte hartzaile guztiei dei egin nahi diegu, euren mailako hasiera ordua baino 15 minutu lehenago ager daitezela neurketak jokatuko diren lekura”, ohartarazi dute antolatzaileek. 

Aurreko orduetako ekitaldietan parte hartu dutenek Aginaga sagardotegian afaltzen borobildu asmo dute eguna. “Jokalariak, jokalari ohiak, delegatuak, gurasoak, zuzendaritza-kideak eta eskubaloi zaletu oro gonbidatua dago bertara”, luzatu dute deia Usurbil Kirol Elkartetik. Afariaren prezioak; 20 euro 16 urtetik beherakoentzat; 25 euro 16 urtetik gorakoentzat. Otordurarako txartelak, Bordatxon salgai, ostegun iluntzera arte. Hauxe Eskubaloi Elkartaren Egunerako antolatu duten egitaraua:


10:00-12:00
Alebin eta infantilak, neskak zein mutilak.
16:00 Kadete mutilak, entrenatzaile eta gurasoen aurka.
17:00 Kadete/jubenil/senior neskak, elkarren aurka.
18:00 Jubenil mutilak/2. territoriala, elkarren aurka.
19:00 2. nazionala/beteranoak, elkarren aurka.
Tokia: Oiardo Kiroldegia.

Antolatzailea: Usurbil Kirol Elkartea.