"Katapuntxinpun festa" ospatuko da gaur arratsaldeko 17:00etatik aurrera frontoian. NOAUA! Kultur Elkarteak urte garai honetarako antolatu ohi duen Plis, Plas, Txalo ta Jolas ekimenaren baitan, Kiki, Koko eta Moko pailazoek emanaldia eskainiko dute pilotalekuan. Ikasturte amaiera honetan, frontoira bertaratuko diren haur eta helduek berbena eta animazio kutsuko saioaz gozatzeko aukera izango dute.
Hau dena eta gehiago, Kiki, Koko eta Moko pailazoen berbena eta animazioan:
-Hainbat dantza: bikoteka, borobilean, trena, kalejira...
-Abesti ugari: Kiki, Koko eta Moko pailazoek sortuak denak.
-Emankizun parte-hartzaileak, umeak mozorrotuta: interpretatzen, dantza eta publikoaren aurrean jolasean.
-Joko ikusgarri eta dibertituak, inplikaraziko zaituztenak. Eta hainbat parte-hartze mota, publiko osoa barne.
Taldearen jatorria
1980. urteko abuztuan sortu zen Azkona taldea, Nafarroako izen bereko herrian. Dantza, musika, pedagogia, gorputz-mugimendua adierazbide eta giza-harremanetarako baliabidetzat hartuta, "kale giroko partaidetzako antzerkia" ildoa jorratzen zuten. Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo urtetan aritu ondoren, 1988. urtean "Munduko Zirkoa" pailazo ikuskizunean hartu zuten parte eta orduan abiatu zen Kiki, Koko eta Moko pailazo taldea.