Jaietako asteburu luzeenari ekiteko prest Kalezarren

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 21a, 00:00

Lau egunez atseden hartu ostean, bueltan ditugu gaur San Joanak, jaietako ospakizun nagusiak bilduko dituen asteburu luzeenarekin. Bazkalostean itzuliko da festa giroa Kalezarrera, buruhandien irteerarekin. Sukaldari trebeenek patata tortillak egiteko duten iaiotasuna erakusteko aukera izango dute gero, 17:00etatik aurrera.

Ikasturteko azken emanaldia
Gaur eguerdian udako oporraldian murgilduko dira Udarregi Ikastolako ikasleak. Eta beste hainbeste egingo dute Zumartekoek iluntze partean. Ostiral honetan, ekainaren 21ean eskainiko baitute ikasturte amaierako azken saioa. Zumarte Gazte Abesbatzakoen eskutik, 19:00etan hasita Kalezarko ermitan, San Joan jaietako egitarauaren baitan.

Gaurko gaua, parrandazaleena izango da, Arto2xar, Berri Tzarrak, Luz de Putas eta Gugaz taldeekin. Bihar gauerditik aurrera, Dj Guderen txanda. Eta lehenago, Oilasko Biltzaileen Eguna ospatuko dute Kalezarren. Etxeko txikienak goizeko 9:00etan kalejiran irtengo dira. Bazkaritarako bueltan izango dira. Jaietako ekitaldiak ospatzen diren plazan bertan dastatuko dute eguerdiko otordua, aldez aurretik txartelak erosiak dituztenek. Gogoan izan, Jai Batzordetik egina duten oharra. Janaria bertan zerbitzatuko da, baina mahaiko tresnak norberak etxetik eraman beharko ditu.

Bazkalosterako, mus txapelketa, eta uda parte honetako auzoko jaietako errondari hasiera emanez, herriko dantzarien emanaldia. Hauexek, ostiral eta larunbat honetarako Kalezarren iragarriak dauden ekitaldiak:

Ekainak 21, ostirala
16:00
 Buruhandiak.
17:00 Tortila patata lehiaketa.
19:00 Zumarte Gazte Abesbatzaren emanaldia ermitan.
23:00 Arto2xar, Berri Tzarrak, Luz de Putas eta Gugaz erromeria.

Ekainak 22, larunbata: Oilasko Biltzaileen Eguna
9:00
 Oilasko Biltzaile Txikien irteera.
14:00 Oilasko Biltzaileen bazkaria: norberak bere plater eta tresnak etxetik ekar ditzala.
16:00 Musa: izen ematea, 16:30etan itxiko da.
18:00 Herriko dantzariak.
00:00 Dj Gude.