Oporretara doaz gaur, Udarregi Ikastolako ikasleak

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 21a, 00:00

Gorriz margotua izango dute askok ostiral hau, ekainaren 21a. 2012-2013 ikasturtea agurtuko baitute Udarregi Ikastolako ikasleek. Gaur eguerdian ikastolatik irten eta irailera arte udako oporraldi luzeari ekingo diote, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoek. Aurreko urteen ildotik, irakasleek zertxobait itxaron beharko dute. Ekaina amaieran utziko baitute lantokia, udako oporraldiaz gozatzen hasteko.

Ikasturte amaiera honetan, Udarregi Ikastolatik honako ohar zabaldu dute web orri bidez. Ekainaren 27an, hau da, datorren asteko ostegunean banatuko dituztela DBH-ko nota buletinak. 12-16 urte arteko ikasleek egun horretan, goizeko 11:00etan ikastolara gerturatu beharko dute aipatu buletinak jasotzera. Udarregitik ohartarazi dutenez, "egun horretan etortzerik ez duenak, idazkaritzan jaso ditzake uztailaren 15a bitarte, 8:30-13:00 artean".

"JANGELA IREKIA"
Ikasturtea amaituko duten egunean, ekainaren 21 honetarako "Jangela Irekia" izeneko ekimena antolatu dute Udarregi Ikastolan. Helburua, "bazkaldarren familiei zerbitzuaren funtzionamendua erakustea, hurbiltzea eta zer bazkaltzen den erakustea da besteak beste. Bazkaldar bakoitzeko bi senitartekok etorri ahal izango dute bazkaltzera jangelara egun horretan, dohainik". Ekimenean parte hartzeko asmoa zutenek, aldez aurretik eman behar zuten izena Udarregi Ikastolako idazkaritzan.

TOLOSAKO KILOMETROAK LAGUNTZEKO DEIA
Urriko lehen igandean Tolosan ospatuko den Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdia laguntzeko, "Klikmetroak" egitasmoan parte hartzera deitzen dute Udarregitik. "Klikmetroak egitasmoak bi atal ditu: batetik, zirkuitu birtualean, norbanakoak metro bat egiten du mezu bat idatziz. Bestetik, norbanakoek egin dituzten metroei babesleak aurkitzen zaizkie, hau da, komertzio, enpresa,… batek ordaindu egiten du, zirkuitu birtual horretan norbanakoek egin dituzten metroen babesle moduan agertzeko. Beraz, Klikmetroak bi zutabetan oinarritzen da, NORBANAKOAK eta BABESLEAK. Zuengana, NORBANAKOAK izan zaitezten eskatuz zuzentzen gara. Ikastolari bi aste hauetan tokatzen zaio ahalik eta norbanako gehien egitea, eta horretan denon laguntza behar dugu. Bai ikastolako ikasleena, langileena eta baita, zuena, gurasoena ere", deitzen dute. 

Aurtengo zirkuituak 7000 metro izango ditu. "Beraz, gutxienez horrenbeste norbanako behar ditugu. Ea denon artean bultzada sendo bat ematen diogun Klikmetroak egitasmoari", adierazi dute Udarregitik. Informazio gehiago: klikmetroak.kilometroak.net/metroa/klik