Santixabeletako txosna gunea antolatzeko bilera gaur

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 21a, 00:00

Astebete baino ez da geratzen Santixabelei ekiteko. Jaietako ekimen batzuen zein besteko antolatzaileak azken prestaketa lanetan dabiltza honez gero. Askatasuna plazan kokatuko den txosna guneko arduradunek, azken lanak lotzeko bilera deitu dute, gaur arratsaldeko 18:30etan Usurbilgo Gaztetxean. Hitzordura gerturatzeko gonbita luzatzen dute. "Festak hortxe dauzkagu eta prestaketei dagokionez azken lanak gelditzen dira egiteko. Horregatik, gazte orori dei egiten diogu bileran parte hartzera. Zure laguntza ezinbestekoa da! Animatu eta parte hartu gazte! Gora Santixabelak!", adierazi dute deitzaileek.

Frontoi edota Dema plazarekin batera festen gune izango den Askatasuna plazan, hainbat ekimen burutuko dira. Bertako egitaraua elkarlanean antolatu dute herriko gazteak biltzen dituzten eragileek. Azken urte honetan, gazteen mugimenduan egon diren aldaketen isla da hain zuzen aipatu elkarlan hau; Itaya, Ernai, Usurbilgo Gaztetxea eta Akerra Gaztetxearen artekoa.

HAURREN EGUNA ANTOLATZEKO LAGUNTZA DEIALDIA
Haurrei zuzenduriko ekitaldiek, ohi bezala, tarte zabala izango dute gerturatzen ari diren 2013ko Santixabeletan. Aurreko urteetan normalean, etxeko txikienak euren eguna ospatzen lehenengoetarikoak izaten ari ziren herriko festetan. Aurten ordea, zertxobait itxaron beharko dute. Ekainaren 28an hasiko diren Santixabeletako Haurren Eguna, uztailaren 1ean, astelehenez programatu baitute. 

Antolakuntza lanetan, herriko guraso talde bat dabil. Jolasak, txokolate jana edota pailazoen emanaldia ez dira faltako haurrak primeran pasarazteko osagaien artean. Ezta ginkana ere. Izena eman ez duen haurrik baldin badago eta ekimen honetan parte hartzeko gogoa badu, helbide hau du, izena emateko;  jsoroa6@gmail.com. Bestela, ondoko irudian klikatuta, pdf formatuan eskura dezakezue izen emate orria. Modu batean edo bestean, bai izen emate orrian edo emailez, ginkanan parte hartu nahi duen haurraren izen abizenak adierazi behar dira, baita zer ikasmailatan dagoen. 

Haur taldeak ere apunta daitezke. "8-12 kide bitarteko taldeak izan daitezke. Hala ere, kide gehiagotako taldeak ere onartuko dira taldearen izena eta partaide bakoitzaren izen-deiturak eta ikasmaila eman. Partaidetzaren arabera, antolatzaileek taldeak egokitu ahal izango dituzte", berri eman dute antolatzaileek. Ginkana, uztailaren 1ean, goizeko 10:30etatik aurrera burutuko da. Frontoian hasiko da.

Laguntzaile bila
Lehen aipaturiko helbide horretara idatzi behar du bestalde, Haurren Eguneko antolakuntza lanetan parte hartzeko interesa duenak. Gurasoak, uztailaren 1eko ekimenak aurrera ateratzeko laguntzaile bila dabiltza. Esandakoa, laguntzera animatzen denak, idatzi dezala jsoroa6@gmail.com helbidera.