Honez gero, zuetako askok jakingo duzue zer izango dugun datozen Santixabeletan. Hilabete hauetan, Jai Batzordean biltzen diren eragileek prestatu duten ekitaldi sorta ezagutzera eman da jada. Kalean baita, 2013ko Santixabeletako jai egitaraua. Tolesgarria dena, eramangarria, festa giroan eskuragarri izan eta ordu bakoitzean izango diren ekitaldien berri izateko. Formatua eta oro har, egitarauaren diseinua, Arantxa Zulaika Arka lasartearrarena da. Aurkeztu diren lau lanen artean, epaimahaiaren erabakiz, berak irabazi baitu egitarau diseinu lehiaketa. "Berritzailea, argia eta eramangarria" izatea positiboki baloratu dute hain zuzen, epaimahaiko kideek. 500 euroko saria irabazi du Zulaikak.
Udalak etxeetan banatu duen egitarauarekin batera, datorren asteko NOAUA! astekariarekin, Santixabeletako gehigarri berezia kaleratuko dugu, egitarau, elkarrizketa eta ekainaren 28tik uztailaren 2ra iragarri diren hitzorduen inguruko zehaztasunekin. Jaien jarraipena egingo dugu egunero, web orri honen eta sare sozialen bidez. Santixabeletako egunez eguneko ekitaldiak, atari honetako Agenda atalean dituzue jada.