Lau egun baino ez dira geratzen herriko festei hasiera emateko. Baina badira Santixabeletan murgildu aurreko egunotan, bideratuta utzi litezkeen zenbait prestaketa lan. Adibidez, iaz bezala, aurten ere, jaietan koadrodun zapi urdinarekin ondo pasatzeko gonbita luzatua dute Jai Batzordetik. Santo Tomas, edota Santa Ageda bezperan baliatu ohi diren jantzietako osagarria garbitu eta plantxatzeko garaia da beraz.
Aurrez egin litekeen beste etxeko lana. Egitaraua hartu eta Santixabeletan izango ditugun ekitaldien berri jasotzea. Tartean, hainbat otordu egingo dira; herri afaria edota zikiro jana txosnetan. Afari eta bazkari hauetarako txartelak aldez aurretik eskuratu beharko dira. Gogoan izan, herri afaria ostiral iluntzeko 20:30etan hasita egingo da Askatasuna plazan. Zikiro jana biharamunean, ekainaren 29an, larunbat eguerdiko 14:30etatik aurrera, kantu-jiraren ostean.
Presoen eskubideen aldeko ekitaldia, egunez aldatu dute
Egunotan jaso duzuen egitarauan, azken orduko aldaketa bat dago. Jai programan, preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko ekitaldia igandean, ekainaren 30ean burutuko dela iragarria dago. Baina ez, antolatzaileek larunbatera aldatu dute hitzordua. Presoei loturiko jaietako mobilizazioa beraz, ekainaren 29an egingo da, iragarriak zeuden ordu eta lekuan; arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Askatasuna plazako txosna gunean.
Txosnak aipatuta bestalde, egunotan mugimendua ibiliko da Askatasuna plaza edota frontoi inguruan. Txosnak muntatzeko lanak abiatzear izango dira eta. Aurten, bertan burutuko diren ekitaldiak elkarlanean antolatu dituzte, Itayak, Ernaik, Usurbilgo Gaztetxeak eta Akerra Gaztetxeak. Herriko gazte mugimenduak azken urtean izan dituen aldaketen isla da hau.
Haurren Egunerako laguntzaile bila
Uztailaren 1ean, astelehenarekin ospatuko da aurten, Santixabeletako Haurren Eguna. Ordurako ekimenak antolatzen dabilen guraso taldeak laguntzaileak eskertuko lituzke. Interesdunek jsoroa6@gmail.com helbidera idatzi dezakete. Helbide honetara ere emailak idatzi ditzakete, Haurren Egunean ospatuko den ginkanan parte hartu asmo duten haurrek. Ekintza honetarako izena aldez aurretik eman behar baita. Bestela, ondoko irudian klikatuta, pdf formatuan eskura dezakezue izen emate orria.
Jaietan ospatuko diren egunez eguneko ekitaldien berri, web orrialde honetako Agenda atalean duzue. Honekin batera, ostiral honetako astekariaren batera, Santixabeletako gorabehera guztiak jasoko dituen jaietako gehigarria kaleratuko dugu.