Zirriborro tailerrekoen lanen erakusketa, jaiek iraun artean

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 24a, 00:00

Urtean zehar ikasgela barruan eginiko lanketaren erakusleihoa zabaltzear da beste behin. Zirriborro tailerrekoen ikastaroan parte hartzen dutenen eskulan eta margolanak Sutegin izango dira ikusgai, jaiek iraun artean. Ekainaren 28tik uztailaren 2ra beraz, kultur etxeko erakusketa aretoan. Gunea bisitatzeko ordutegia, hauxe duzue: egunero, goizez 11:00-13:00 artean eta arratsaldez, 18:00-20:00 artean.

"Zein da Usurbilgo lekuriko erromantikoena?"
Galdera honi marrazki batekin erantzun diezaiokete datozen Santixabel hauetan, herriko 2-16 urte arteko haur eta gaztetxoek. Larunbat goizeko 10:30etatik aurrera, frontoian ospatuko den XI. Pintura Lehiaketan izango da. 

Ekimenean parte hartzeko, komenigarria litzateke, marraztuko den orriaren azpialderako euskarriren bat eramatea. Nahi bada, baita marrazteko materiala ere. Bestela, margoak eta lehiaketarako behar dena, antolatzaileek jarriko dute pilotalekuan bertan. Haurrek eginiko marrazkiak goizean zehar frontoian bertan erakusgai jarriko dituzte. Epaimahaiak baloratu eta hartutako erabakia berriz, 13:00etan lehiaketa gunean emango du ezagutzera. Hamaika sari banatuko dituzte guztira, hamaikagarren edizio honetan. 2,3 eta 4 urtekoen artean, sari bat banatuko da. 5-13 urte artean, urte bakoitzeko sari bat. Eta 14,15 eta 16 urtekoen artean, beste sari bat.