Oilasko Biltzaileekin hasiko dira Santixabelak

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 24a, 00:00

Santixabeletan aitzindarienetakoa dugun ohitura, jaiak ofizialki hasi aurreko orduetan ospatuko da aurten, ostiralez. Oilasko Biltzaileen Egunaz ari gara. Ohi bezala, goizean txokolate beroa dastatu eta gero, goizeko zazpietan abiatuko dira bazkal ordura arte luzatuko den kalejira. Hitzordura animatzen direnentzako oharra; ez ahaztu noski, alkandora zuria eta Santixabeletako gainerako ekitaldietarako bezala, lepo bueltan zapi koadroduna jantzita ekartzea.

Eguerdirako Askatasuna plazara bueltatu eta bertan bazkalduko dute oilasko biltzera irtendakoek. Eurak jaietan murgiltzen lehenak izango dira, baita Santixabeletako txupinazoa jaurtitzerakoan ere. Ostiral arratsaldeko 17:00etan irekiko baita Askatasuna plazako txosna gunea, lehen suziria piztuz eta jokoekin.

Ekitaldi eskaintza zabala txosnetan
Txapelketen artean, mus txapelketa, triki air, pintxo edota "auntoke" lehiaketak... Kontzertuen artean, Pariak Bai eta Iseka taldekoak. DJak, platano dantza, herri afari eta zikiro jana... Ekitaldi eskaintza zabala iragarri dute ostiral arratsaldetik aurrera, Askatasuna plazako txosna gunean. Ekitaldion berri gehiago izateko, jo ezazue web orrialde honetako agenda atalera.