DYAkoen esku, Santixabelen hasiera

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 24a, 00:00

Eskubaloi elkartea, judo kluba, Usurbil Zero Zabor, adimen urritasuna duen herritar taldea... Eta aurten, DYA. Eurak izango dira, Santixabelei hasiera emateko ohorea izango dutenak. Aurreko bi urteetan bezala, hirugarrenez, arratsaldez eta Dema plazan ospatuko da jaietako hasiera ekitaldia. Ostiralean, ekainak 28, 20:00etan.

Herritarren proposamenen artean, hautatua
Aurten estreinakoz, jaien hasiera ekitaldian nor omendu, nork parte hartu erabakitzeko azken hitza herritarrek izan dute. “Nork merezi du?” izeneko ekimena antolatu du Jai Batzordeak, jaiak nork hastea nahi den hautatzeko. Jaso diren ekarpenen artean, bat hautatu dute Santixabeletako antolatzaileek. 2013ko herri festak hasteko ohorea, DYAkoena izango da oraingoan.

Adi festetako maskotari
Txupinazoak uztailaren 2ra arte luzatuko diren jaiei hasiera emango die. Santixabelak zaintzen ohi bezala, aurten ere maskota izango dugu. Ziur aski jarri bezain laster, herritarren arreta erakarriko du. Aurtengoak ere berezitasunik izango du eta. Egun gutxi barru, ikusgai.