Ixak Arruti, Ander Aizpurua, Martin Larrañaga eta Iñigo Roteta laukoteak osaturiko taldeak hamarkada bateko ibilbidea osatu du, Mendeku Itxua taldearekin. Urtemuga etxean ospatuko dute, hastear diren Santixabel hauetan eskainiko duten kontzertu berezi batekin. Taldea honaino heltzea posible egiten lagundu dutenei eskerrak helarazteko baliatuko du laukoteak, ostiral gaueko 23:30etan hasita frontoian eskainiko duten kontzertua. Eta ez da sorpresarik faltako. Hiru egun barru beraz, Mendeku Itxuaren 10. urteurreneko emanaldi berezia. Eta haiekin batera, Santixabeletako kontzertu gauean, Sen eta Odolaren Mintzoa izango dira.
Erromeria gauak
Usurbil hainbat trikiti joleen harrobi izan da, Zumarte Musika Eskolari esker. Herriko lagun talde baten eskutik, iaz bezala, erromeria ospatuko da Santixabel egunean. Uztailaren 2an, 19:30etatik aurrera Mikel Laboa plazan. Jai Batzordetik ohartarazi dutenez, eguraldi txarra egingo balu, ekitaldia Askatasuna plazan, txosna gunean burutuko da. Erromeria giroa uztailaren 2an soilik ez, aurreko jaietako gauetan ere ziurtatua egongo da. Olatz Kortarekin Santixabelen hasieran, ostiralean. Eta gero baita, larunbat, igande eta astelehen gauean ere; Laiotz, Triki ta ke eta Tximeleta taldeekin frontoian, hurrenez hurren.
Txosnetan ere musika giroa
Frontoian bakarrik ez, txosna gunea musikaz blai izango dugu Santixabel hauetan. Ostiralean Dj Juantxi eta Dj Ibailorekin. Larunbatean Zarauzko Pariak Bai eta Zumaiako Iseka taldekoekin. Herriko musika taldeetako kideak elkarren artean nahastuta eskainiko duten bertsio gaua ere ospatuko da. Aurten Santixabel bezperan, uztailaren 1ean. Eskaintza honekin batera, bada azken orduko proposamenik ere. Jaietako azken trakaren ostean, txosna gunean baita, Habanako Las Dos D taldekoen emanaldia entzuteko aukera egongo da. Uztailaren 2an.