Urtean zehar euskara ikasten aritu direnentzat, astebete barru irekiko da udal diru-laguntzak eskatzeko epea. Uztailaren 3tik 17ra aurkeztu beharko dute beharrezko dokumentazioa udal errejistroan. Adi ordea, diru-laguntzok banatzeko irizpide berriak txertatu baititu Udalak. Aurten, batetik ikaslearen lan egoera aintzakotzat hartuko da, lanean edo langabezian ote den alegia. Eta bestalde, ikasle bakoitzak 2012-2013 ikasturtean burutu dituen ikasketen maila.
Deialdiko oinarrietan, laguntza hauei ematen dien garrantzia nabarmentzen du Udalak: “Usurbilgo Udalak oso garrantzitsutzat irizten dio helduen euskalduntzean eta alfabetatzean eragiteari. Horrexegatik hain zuzen ere, aurrekontu partida bat ezarri du 2012-2013 ikasturtean zehar euskalduntze ikastaroetara joan diren Usurbilgo biztanleei bekak emateko. Bestalde, diru-laguntza oinarri hauen bidez, behar ekonomiko handiak dituzten usurbildarrei euskara ikasteko bidea erraztu nahi zaie, matrikularen diru-kostua aurreratuz”.
Hemen, udal diru-laguntza hauen inguruko zehaztasun gehiago:
-Epea: uztailak 3-17 (bi egunok barne).
-Nori zuzendua: 2012-2013 ikasturtean euskara ikasi dutenentzat.
-Baldintzak: ikastaroaren hasieran Usurbilen erroldatua egotea, ikasturtean zehar gutxienez %80ko asistentzia izatea, autoikaskuntzaren kasuan gutxieneko aprobetxamendua ziurtatzea euskaltegiak egindako ziurtagiriaren bidez.
-Aurkeztu beharreko dokumentazioa: diru-laguntza eskari normalizatua, eskatzailearen NANaren fotokopia, matrikularen ordainagiria, %80ko asistentzia egiaztatzen duen euskaltegiko egiaztagiria. Autoikaskuntzakoen kasuan, aprobetxamendua egiaztatzen duen zentroko agiria. Ikaslea langabetua denean, “lan historiala” ziurtagiria.
-Onuradunak (gehienez 500 euroko laguntzarekin):
IKASLE ARRUNTAK
Gehienez matrikula kostuaren %80ko diru-laguntza jasoko du euskaltegiko 109. urratsa edo HABEren 2. maila arteko ikasketak gainditu dituen ikasleak.
Gehienez %60koa hortik gorako ikasketak egin dituztenek.
IKASLE LANGABETUAK
Gehienez matrikula kostuaren %100eko diru-laguntza jasoko du euskaltegiko 109. urratsa edo HABEren 2. maila arteko ikasketak gainditu dituen ikasleak
Gehienez %80koa hortik gorako ikasketak egin dituztenek.
-Informazio gehiago: https://ssl4.gipuzkoa.net/euskera/gao/2013/06/14/e1305665.htm