Gaur goizeko irudia duzue ondokoa. Dema plaza, Usurbilgo banderaren koloreak dituzten zintzilikagarri txuri gorriz apaintzen hasiak ziren. Potxoenea paretik frontoi alderako eremua apainduta geratuko da gaur. Eta adi, oraindik maskota falta baita. Santixabeletako zaindaria heltzear da Kaxkora. Aurten ere ziur, herritarrei deigarria egingo zaien berezitasunik izango du jaietako ezinbesteko protagonista bihurtua den maskotak.
Askatasuna plazan ere prestaketa lanak abiatuak zituzten, ostegun goiz honetan. Hainbat ekitaldiren lekuko izango den oholtza jarria dago jada. Eta txosna eremua ere muntatzen hasiak ziren. Denak prest behar baitu biharko. Ostiral arratsaldeko 17:00etan jaurtiko da Askatasuna plazako gunea inauguratuko duen txupinazoa. Jokoak ospatuko dira gero. Eta gogoan izan, DYAkoen eskutik 19:00etan, Santixabelen hasiera Dema plazan. Jaiak hasteko, ez ahaztu zapi koadrodunaz.
Oilasko Biltzaileen Eguna bihar
Horiek dira jaiei hasiera ofiziala emateko hitzorduak. Aurretik ordea, adi, Oilasko Biltzaileen Eguna ospatuko baita bihar. Txokolate goxoa dastatuz hasiko dute eguna, ezinbestean alkandora zuri eta lepoko zapi koadrodunekin oilasko biltzera irten asmoz, Kaxkora gerturatuko diren herritarrek. 7:00etan ekingo diote bazkal ordurarte luzatuko den bideari. Oilasko biltzen jardun ostean, otordurako txosna gunean bilduko dira. Txupinazoaren ostean, jolastuz igaroko dute arratsaldea.
Ostiral honetako jaien hasierako beste osagaiak, Olatz Kortarekin erromeria, herri afaria, Mendeku Itxuaren 10. urteurrena ardatz izango duen kontzertu gaua edota DJen emanaldiak. Hauxe, Santixabeletako lehen jai eguneko egitaraua:
Ekainak 28, ostirala
06:00 Txokolatada.
Ondoren, dantzen entsegu txikia.
07:00 Oilasko biltzaileen irteera.
Egunean zehar, pintzaren jolasa.
Goizean zehar, maskota jartzea.
13:30 Oilasko biltzaileen etorrera.
14:00 Oilasko biltzaileen bazkaria.
17:00 Txupinazoa + txosnen irekiera+jokoak.
19:00 Txupinazoa Dema plazan, DYAken eskutik.
Ondoren, erromeria OLATZ KORTAren eskutik.
20:30 Herri afaria txosnetan.
23:30 Kontzertuak frontoian: Mendeku Itxua, Sen eta Odolaren mintzoa.
03:00 DJ ak txosnetan: Dj Juantxi eta Dj Ibailo.
NOAUA! jaien lekuko
Jaietan egunez egun izango dugunaren berri, web orrialde honetako agenda atalean jaso dezakezue. Hemeroteka atalean berriz, aste honetako aldizkaria zintzilikatua duzue, baita Santixabelei begira kaleratu dugun gehigarri berezia ere. Jaietan gertatzen denaren inguruko zehaztasunak bestalde, egunero, atari honetan ematen joango gara. Baita twitter eta Facebook sare sozialen bidez ere.
Gogoan izan bestalde, bihar 19:00etatik aurrera zabalik izango dela NOAUA!ko terraza, Zubiaurrenea kalean (Orbeldi aseguruak eta Usurbil Optika artean). Jan edana eta patxadaz egoteko gunea irekita izango da herritar ororentzat, bihar arratsaldetik igande gauera. Guztia prest beraz, herriko festei ekiteko.