Gipuzkoako Pertsona Gorren II. Topaketa, uztailaren 6an Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 27a, 00:00

Egunerokoan gorrek bizi duten errealitatea ezagutzera eman eta sentsibilizazio lana bultzatzeko egun osoko jaialdia antolatu dute Usurbilen, datorren asterako. Bigarrenez Gipuzkoa mailan urritasun hau duten lagunei zuzenduriko topaketak antolatu dira, udalerri honetan oraingoan, uztailaren 6an, larunbatez.

Gortasuna inoren begi bistakoa ez den urritasuna izanik, ikusi ezin den urritasun hau ikusgarri bihurtzea dute euren erronka nagusia. Komunitate honen inguruan dagoen ezagutza falta gainditzea. Sentsibilizazioa bultzatzea. Beste urritasun fisikoak dituztenen kasuan bezala, egun oraindik betetzen ez diren euren oinarrizko eskubideak errespetatuak izatea eskatuko dute, hilaren 6rako antolatu duten jaialdian. Honatx egun horretarako Usurbilgo Udalak eta Gipuzkoako Pertsona Gorren Elkarteak lotu duten egitaraua:

Uztailak 6, larunbata
10:00 
Bertaratuentzako ongi etorria.
11:00-13:00 Jubilatuentzako eta gazteentzako jokoak eta herri kirolak: igel jokoa, toka, sokatira, zapi jokoa, boloak, zaku lasterketak, bela-bonba, Ikatz Marrazki Lehiaketa…
11:00 Gazteak Donostiatik Usurbilera bizikletaz.
13:00-14:00 Atsedena eta aisialdia.
14:00 Herri bazkaria: txita-paella. Bertaratzen diren guztientzat doan.
16:00 Manos K Rien kultur eta arte elkartearen ekitaldia.
19:00 Komunitate Gorraren txisteak, zeinuen hizkuntzan.
19:30 Goizeko jokoen eta lehiaketen sari banaketa.
20:00 Agurra.

Tokia: Askatasuna plaza.

Oharrak:
-Manos K Rien taldekoen saioa konfirmatu gabe dago.
-Taberna bat egongo da egun osoan.
-Egunean zehar, hitzaldia: “hondakinen murrizketa eta atez atekoa”.

Antolatzaileak: Gipuzkoako Pertsona Gorren Elkartea eta Usurbilgo Udala.