Jantzi koadrodun zapia eta festara!!! Hasi dira Santixabelak, gaur 19:00ak pasatxoan jaurti den txupinazoarekin. Kanpoan da jai giroa, kalera beraz. Aurretik, denetariko ekintzez gozatzeko bost egun ditugu eta.
Dakizuenez, DYA eta Usurbilgo aipatu elkarteko bolondresen eskutik hasi dira aurtengo festak. 20 urte igaro baitira DYA Usurbila heldu zenetik, eta udalerri honetan ibili zen lehen furgoneta, elkartekoek urteotan baliatu dituzten beste ibilgailu batzuekin batera, txukundu eta hasi berri diren festa hauetara ekarri dute. Dema plazan izan dira ikusgai. Eta haien ondoan bildu dira Usurbilgo DYAko bolondresak, baita udal ordezkaritza bat ere.
Udalaren izenean alkateak eginiko adierazpenek eman diote hasiera ekitaldiari. "Esker eta zorion beroenak" helarazi nahi izan dizkie, jai hauek prestatzen aritu diren herritar eta eragileei, baita egunotan ospatuko diren hitzorduetan parte hartuko duten guztiei ere. "Zuek zarete auzolan erraldoi honen oinarria", zioen Mertxe Aizpuruak. Gogoan izan ditu baita, herrian falta direnak. Bereziki, preso eta iheslari politiko usurbildarrak, "agurrik sentikorrena bidali nahi diet" gaineratu du, eta horrekin batera, jaurtitzear ziren txupinazoarekin, zioenez, "suziriaren indarrak lagun dezala pixkanaka guztiak gurera ekartzen".
Jai Batzordeak estreinakoz, herritarrek eginiko proposamenetatik hautatu du, txupinazoa jaurtitzeko ohorea DYAkoei ematea. Alkatearen esanetan, ohore bat. "Lan eskerga eta bolondresa egiten ari dira usurbildar guztion mesederako. Eta euren eginkizunarekin, talde lana, eskuzabaltasuna eta inplikazioaren mezua ematen digute. Bejondeizuela, merezimendu osoz emango dizuegu gaur txupinazoa", adierazi die Aizpuruak DYAkoei, herritarrei festa zoriontsuak opa izatearekin batera.
Bolondresen esker hitzak
DYAkoen txanda izan da gero. Aurrean zituzten furgonetak erakusgai jarri nahi zituzten gaurkoan. Euren oinarrizko lanabesak direnak. Haietako bat bereziki. Lehen aipatu moduan, duela 20 urte DYA Usurbila heldu eta udalerri honetara ekarri zuten lehen furgoneta, txukunduta jarrita, berriz ikusteko aukera egon baita. Usurbilgo DYAko bolondresek, esker hitzak baino ez zituzten herriarentzat. Bereziki duela bi hamarkada, DYA udalerri honetara heldu izanaren erantzuleentzat. Garai hartako alkate Joxe Antonio Altunari, zinegotzi Garbiñe Errekondori eta Andatza Mendizaleeen Taldekoei eskerrak eman dizkiete. Baita noski, gaurko txupinazoa jaurtitzeko ohorea eman dieten Jai Batzordeko kideei, eta herritarrei, "gutaz gogoratzeagatik, egiten dugun lana ikusten da jendeak baloratzen duela eta indarrak ematen dizkigu aurrera jarraitzeko".
130 lagunentzako herri afaria
Oilasko biltzaileekin hasi den eguna, afari baten bueltan ilunduko da. Olatz Kortarekin erromeria hasia da Dema plazan. Eta gero, Herrirak antolaturiko herri-afaria egingo da, 20:30etatik aurrera txosna gunean. Askatasuna plazan, aipatu moduan. Otordurako txartelik ordea ez da salduko aurrez, antolatzaileek berri eman dutenez. 130 lagunentzako lekua egongo da ostiral honetako herri-afarian. Beraz, txosna gunera gerturatzen diren lehen 130 lagunek afaldu ahal izango dute. 15 euroren truke, menu hau dastatu ahal izango da: pasta entsalada, arrain pastela, saiheskia letxugaz lagundurik, izozkia eta kafea.
Zirriborro tailerrekoen lanen erakusketa, jaiek iraun artean
Urtean zehar ikasgela barruan eginiko lanketaren erakusleihoa ireki dute jada. Zirriborro tailerrekoen ikastaroan parte hartzen dutenen eskulan eta margolanak Sutegin daude ikusgai, gaurtik uztailaren 2ra, kultur etxeko erakusketa aretoan. Gunea bisitatzeko ordutegia, hauxe duzue: egunero, goizez 11:00-13:00 artean eta arratsaldez, 18:00-20:00 artean.
Jaietako lehen egun honetan zer izango dugun? Honatx, ekainaren 28 honetarako iragarria dagoen egitaraua:
Ekainak 28, ostirala
06:00 Txokolatada.
Ondoren, dantzen entsegu txikia.
07:00 Oilasko biltzaileen irteera.
Egunean zehar, pintzaren jolasa.
Goizean zehar, maskota jartzea.
13:30 Oilasko biltzaileen etorrera.
14:00 Oilasko biltzaileen bazkaria.
17:00 Txupinazoa + txosnen irekiera+jokoak.
19:00 Txupinazoa Dema plazan, DYAken eskutik.
Ondoren, erromeria OLATZ KORTAren eskutik.
20:30 Herri afaria txosnetan.
23:30 Kontzertuak frontoian: Mendeku Itxua, Sen eta Odolaren mintzoa.
03:00 DJ ak txosnetan: Dj Juantxi eta Dj Ibailo.
NOAUA! jaien lekuko
Jaietan egunez egun izango dugunaren berri, web orrialde honetako agenda atalean jaso dezakezue. Hemeroteka atalean berriz, aste honetako aldizkaria zintzilikatua duzue, baita Santixabelei begira kaleratu dugun gehigarri berezia ere. Jaietan gertatzen denaren inguruko zehaztasunak bestalde, egunero, atari honetan ematen joango gara. Baita twitter eta Facebook sare sozialen bidez ere.