Erakusketa eta irakurgaiak, gaurko Harrotasun Egunaren harira

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 28a, 00:00

Lesbianismoari buruzko erakusketa Oiardo Kiroldegian eta irakurgaiak Sutegin. Sexu Aholkularitza Guneak ekainaren 28 honetan ospatuko den gay, lesbiana, bisexual eta transexualen Harrotasun Egunaren harira antolatu dituen ekimenak dira hauek.

"Eztutukotik ikusgaitasunera 1977-2007" izeneko erakusketa gunean, "lesbiana feministen kolektiboak eta mugimendu feministak 1977az geroztik burutu duten lan politiko eta sozialaren alde bat jasotzen du, kartelak, aldizkariak, leloak...“, berri eman dute antolatzaileek. Igandera arte ikusgai dago, Kiroldegiko sarreran. 

Bestalde, Sutegi udal liburutegiarekin elkarlanean, Sexu Aholkularitza Guneak, "sexualitate anitzak, anitzak hitzak" izenburupean, hainbat irakurgai daude herritarren eskuragarri.  Informazio gehiago:

http://liburutegiak.blog.euskadi.net/usurbil/?lang=es


Bi ekimenok, ekainaren 28ko gay, lesbiana, bisexual eta transexualaren Harrotasun Egunaren harira antolatu ditu Usurbilgo Sexu Aholkularitza Guneak. Gunea bera, asteartetan egoten da zabalik, 17:00-19:00 artean, Gizarte Zerbitzuetako egoitzan. Bertara joateko ordea aurretik, hitzordua eskatu behar da, 697 919 516 telefono zenbakian edo sexuaholku@usurbil.net helbidera idatzita. Guneak zerbitzu ugari eskaintzen ditu: informazio, formazio eta aholkularitza sexologikoa, gaian sakontzeko liburu gomendagarriak, gogoetarako baliabideak... Eta hainbat gai tratatzeko aukera dago bertan; orientazio sexuala, sexu-nortasuna, desiraren inguruko zalantzak, harremanetan zailtasunak... 

Sexu Aholkularita Gunetik antolatu dituzten ekimenen harira, gogoeta hauxe bidali digute antolatzaileek:

LESBIANISMOA  EDONON! HETEROSEXUALITATERIK BA OTE DA?

Gertu dugu ekainaren 28a, gay, lesbiana eta transexualen Harrotasun Eguna. Honen harira, Usurbilgo Sexu Aholkularitza Guneak hainbat ekimen eta gogoeta bultzatu ditu.

1950. urtearen inguruan Alfred Kinseyk argitaratu zuen gizon-emakumearen sexu-jokaeraren inguruko ikerketa mardula ("Gizonen sexu jokaera" 1948, "Emakumeen sexu-jokaera" 1953). Gaur egun oraindik ere giza sexu-jokaeraren inguruko azterketa garrantzitsuena eta zabalena da, 300.000 pertsonei egin baitzitzaizkien sakoneko elkarrizketak. Hamaika datu ezezagun jarri zituen mahai gainean, hauetako bat gizon-emakumeen desira-joeraren ingurukoa, homosexualitatea eta heterosexualitatea kontinuo baten bi muturra direla ondorioztatu zuen. Gehien bat homosexual joera edo heterosexual joera du gizakiak. Desiraren adierazle ezberdinak aztertu zituen: fantasiak, ametsak, keinuak, erakarpenak, joerak, jokaerak, nahiak, zirrarak ... eta sentsazio eta sentipen esperientzia horien arabera, eskala bat sortu zen 1etik 6ra. Non 1wan eta 6an homosexual eta heterosexual adierazpen hutsak agertzen ziren eta besteetan bien osagarri kopuru ezberdinetan. Nekez aurkitu zituen lehenengo eta azken mailetan (1-6 eskalako mailetan) kokatzeko pertsonarik. Homo eta hetero sexu-erakarpena gizakiaren baitan dago, neurri desberdinetan pertsonaren arabera. Gogoan izan, gizon-emakume bakarra, errepikaezinak garenez, aniztasuna dela gure kualitatea.

Tamalez halako teoria zientifikoek ez dute aurrera egiten. Azken finean sexu-moral garaileak ugalketaren oinordea da. Ugalketa nahiak gure elkartze erotikoak agintzen ez baditu ere, sexu moralak ezarritako sexu-ordenak ederki finkatu du harremanetarako oinarrizko egitura: heterosexuala, koitozentrista, orgasmo-ekoizlea, sexu-rolak zurrunak. Homogeneizatzaile eredua, non eredu honetatik kanpo gelditzen dena baztertua den. Baztertuak dira eredu honetatik kanpo dauden desirak, jokaerak eta identitateak. Eta baztertua da azken finean guztion zatiren bat, anitzak eta bakarrak garelako.

Orden sexualak ukatu behar du homosexualitatea (gay-lesbiana) berdinari zuzendutako desira hori eraldatzen duelako dimorfismoa, hau da sexu-rol estereotipo zurrunak; bestearekiko erakarpenari irekitzen dio atea eta ez beste sexukoarekiko soilik; erakusten digu emakume anitzak eta gizon ugariak. Lesbianismoak agerian uzten du emakumea desira-sujetoa bezala eta gizona ez dela ezinbestekoa elkartze erotiko hortan. Homosexualitatea ere gure baitan ezaugarri femenino eta maskulinoen dantzaren erreflejoa da. Alboratzen du kopula funtsezko elkartze erotiko bezala, gorputz osoari aukera emanez.

Morala hain da indartsua, sinismen okerretaz, zientziaz, legeaz ... baliatzen dela bere zutabeak egonkortzeko. Hori dela eta marikoi hitza irain errazena eta lehenengotarikoa da ikasgeletan mutikoen artean. Horrela ere estereotipo eta homosexualen (lesbiana eta gayen) inguruko txisteak ... Hauek azken finean dira arau eta normari lotutako jendarte legea ezartzeko modu herrikoiak. Nolabait lehen pekatua zena, gero kontra-natura izan da, orain gaixotasun mentala edo legez kontrakoa da. Honek guztiak ahalbideratzen du intolerantzia, hitzen bazterkeria eta ekintzen bortizkeria.

Honek guztiak ez du laguntzen garen bezalakoak izaten, gure burua onartzen. Jakinda izate eta onartze horretatik bakarrik etorriko dela gure bizitzaz gozatzeko aukera. Lesbianen eta gayen kolektiboek ibilbide hau landu eta borrokatu dute eta honen adierazle Usurbilgo kiroldegian hilaren 7tik 30era egongo den "Bidean: ezkutukotik ikusgaitasunera 1977-2007" erakusketa. Lesbiana feministen kolektiboak eta mugimendu feministak 1977az geroztik burutu duten lan politiko eta sozialaren alde bat jasotzen du, kartelak, aldizkariak, leloak...“No te prives”, “eta zu zergatik zara heterosexuala?”, “Lesbianismoa edonon”...

Aurten Sexu Aholkularitza Guneak erakusketaz gain, Sutegi libutegiarekin batera “sexualitate anitzak, anitzak hitzak”armairutik ateratzen diren irakurketak eskainiko ditu ekainean zehar. Sexualitate gai ezberdinak jasotzen ditu bere baitan: quer teoria, transexualitatea, homosexualitatea, intersexualitatea (gizon eta emakumen maskulino eta femeninoak )...  Lerro artean gozatzeko aukera paregabea.