NOAUA!ren terraza, igandera arte zabalik

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 28a, 00:00

Egoteko gune lasaia, goxoa. Baina udalerria egunotan murgilduko den jai giroak kutsatuta, bizia eta alaia era berean. Familia, koadrila, gazte, heldu, bazkide… eta herritar ororentzat zabalik izango da, gaur 19:00etatik aurrera, Santixabel hauetan Zubiaurrenea kalean (Orbeldi Aseguruak eta Usurbil Optika artean), estreinakoz NOAUA! Kultur Elkarteak jarriko duen terraza gunea. Edateko aukera zabalaz gain, etxean mimo handiz prestaturiko jaki bereziak dastatu ahal izango dira, ostiral arratsaldetik igande gauerdira. Gastuei aurre egiteko diru-laguntzak murrizten ari diren krisi garai honetan, NOAUA!k behar duen bultzada lortu nahi da ekimen honekin. Gonbita beraz egina dago; etorri ekainaren 28tik 30era kultur elkarteko terrazara, esku zabalik hartuko zaituztegu.

Hona hemen, gune berri honi buruzko zehaztasun gehiago:


Tokia: Zubiaurrenea kaleko terraza (Orbeldi Aseguruak eta Usurbil Optika artean).
Ordutegia:
Ekainak 28, ostirala: 19:00-24:00.
Ekainak 29, larunbata: 10:00-24:00.
Ekainak 30, igandea: 10:00-24:00.

GOSARIAK
Egunero: zukuak, tostadak, kafea, esnea, infusioa, Cola cao.

OGITARTEKOAK
Txorizo egosia, mixto normalak edo epelak eta tortillak.

MENU BEREZIAK
Noiz:
 eguerdi eta iluntzetan.
Prezioa: 10 euro (ogia eta edaria barne).

Ekainak 28, ostirala
Hanburgesa tomate eta patatekin edo 6 albondiga ehiza saltsan.

Ekainak 29, larunbata
Marmitakoa eta sagar errea.
 
Ekainak 30, igandea
Bakailaoa piper eta tomatez eta udarako mazedonia.

"Jendearen babesa eta laguntza jasotzea eskertuko genuke"
Gaur 19:00etan zabalduko den terrazaren harira, NOAUA!k kultur elkarteko lehendakari Ana Aizpurua elkarrizketatu du. Gune honen zergati eta helburuak argitu dizkigu, ekainaren 28 honetako aldizkarirako:

Nola sortu da jaietako terraza hau jartzeko aukera?
Ana Aizpurua:
Aukera baino gehiago, beharra. Krisi garai hauetan diru laguntza beharrean gara. Denok dakigun bezala laguntzak jaitsi egin dira. Elkarte bezala 1996an sortu ginenetik 17 urte pasa dira, gauza asko eskaini ditugu doan. Oraingo honetan jendearen babesa eta laguntza jasotzea eskertuko genuke. Ezin ukatu Udala behintzat ondo portatzen denik. Baina zerbitzuak eman ahal izaten jarraitzeko egitasmoak etorkizunean bizirik jarraitu dezan derrigorrezkoa zaigu laguntza. Hainbat ekimen antolatu asmo dugu aurrerantzean. Eta horien artean, Santixabeletan Zubiaurrenea kalean terraza jartzearen ideia sortu zen. Sarri, euskaldunok mahai baten inguruan beste ekimen batzuetan baino errazago biltzen baikara. Proba moduan antolatu dugu gunea aurten. Santixabelak bost egunez izan arren, gure esperientzia asteburura mugatuko da, ostiral arratsaldetik igande gauera.

Zer berezitasun izango ditu jaietako terrazak?
Berezitasun handiena, lekuarena. Zerbait berezia nahi genuen, leku lasaia, presarik gabea, jendea erraz, patxadaz bilduko zen gune bat eta asmatu dugula iruditzen zait Zubiaurrena kaleko terraza aurrealdearekin, eguraldiak laguntzen badu behintzat. Berezia izango da baita lan taldea. 35 bazkide izango dira gunean hiru egunez, festak beste era batera biziko dutenak, lana eginez, gozatuz. Oso jende baikorra dugu inguruan, ezin kexatu. Bertan, etxean eta goxo prestatutako janari bereziak zerbitzatuko ditugu, baita mota guztietako edariak ere.

Nori zuzendu nahi diozu gune berrira gerturatzeko gonbita?
Herri osoari. Gune hau, famili eta koadrila zabalei zuzendua dago. Baita herrira etorri diren lagunei, gu hobeto ezagutzeko aukera zabaldu nahi diegu. Ez dago leku arazorik. Kultur elkartea gara baina hiru egunez, aire librean jardungo duen elkarte gastronomikoan bihurtuko gara.
 
Zer helburu bete nahi dira ekimen berri honekin?
Finantziazio iturri berrien bila gabiltza, baina baita gure jarduera plazaratzea ere: euskara eta euskalgintzari lotutako ekimenak sustatzea, ezagutaraztea… Elkartearekin ekimenak elikatzea. Hiru egun hauek garrantzizkoak izango dira beste ekimenak pizteko!