Herri kirolak, erraldoien kalejira eta erromeri giroa, igandean

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 28a, 00:00

Kirol hitzorduak nagusituko dira Santixabeletako hirugarren jai egunean, igandean. Ekainaren 30erako iragarriak daude, herri kirolen bigarren jardunaldi eguna batetik; Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa eta idi-dema. Goizean, kayak jaitsiera eta Bola Txapelketa 10:00etatik aurrera Askatasuna plazan. Eta ordu eta erdi beranduagorako, ur bataioa dago iragarria Oiardo Kiroldegian. 

Eguneko bazkaria, jubilatuena izango da. Arratsaldean pintxo lehiaketa txosnetan. Ekimen honetarako sua eta zartaginak antolatzaileek jarriko dituzte. Pintxoetarako osagaiak berriz, parte hartzaileek eraman beharko dituzte. Prestatutako mokaduak dastatzeko aukera egongo da gero. 

Triki air txosnetan, Triki Ta Ke frontoian
Ekitaldiokin batera, kalejirak eta erromeria aipatu behar. Goizean, zanpantzarrak eta erraldoiak kalez kale ibiliko dira. Erraldoiak buruhandiekin batera arratsalde partean. Eta eguna amaitzeko, Triki Ta Ke taldekoekin erromeria frontoian. Eta txosnetan, aurten ere falta ezin zen karaoke saioarekin batera, ekimen berri bat; Triki air txapelketa. Lehiaketa honetan parte hartzeko ez da ezer behar. Parodia polit bat egiteko prest egotea eta bikotekidea, besterik ez. Oholtza gainera igo, eta antolatzaileek jarritako trikitixa pieza antzeztu beharko da, baina hori bai, musika instrumenturik gabe. Trikitixa eta panderorik gabe. Eskuak eta gorputza baino ezingo dira baliatu, trikitilari eta panderojole onena zarela erakusteko.

Hauexek ordu eta guzti, igandeko Santixabel jaietako hitzorduak:

06:30 Salda banaketa.
09:00 Esnadeia dultzaineroekin.
Egunean zehar, dultzaineroak.
09:30 VIII. Kayak jaitsiera Alirin (Zubieta).
10:00 Santixabel Bola Txapelketa irekia.
11:30 Ur bataioa Oiardo Kiroldegian.
11:30 Zanpantzarrak.
12:00 Usurbilgo erraldoi handiak eta txikiak, Donostiako Ostarbi konpartsarekin. Kalejira.
12:30 Herriko dantzarien emanaldia.
14:00 Jubilatuen bazkaria Atxega Jauregian.
16:30 “Auntoke” lehiaketa Mikel Laboa plazan.
17:30 Pintxo lehiaketa.
18:00 Buruhandiak eta erraldoiak dultzaineroekin.
18:30 Herri kirolak: Gipuzkoako Harri Txikien txapelketa (gizonezkoak).
Ondoren, idi-dema.
23:00 Erromeria TRIKI TA KE taldearekin.
24:00 Karaokea txosnetan.
02:00 Triki Air lehiaketa txosnetan.